Mundua -
Hauteskundeak Brasilen
Haddadek Bolsonaro faboritoari aldea jan dio azken astean
Dena dela, inkesten arabera, Bolsonaro militar ohi ultraeskuindarrak bozen % 56 eskuratu ditzake igande honetan izango den hauteskundeen bigarren itzulian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia egingo dute igande honetan Brasilen, eta bi hautagai izango dira aurrez aurre: Jair Bolsonaro militar ohi ultraeskuindarra (Alderdi Sozial Liberalekoa) eta Fernando Haddad ezkertiarra (Langileen Alderdikoa). Bolsonaro faborito da inkestetan, baina azken aste honetan bi hautagaien arteko aldea murriztu du Haddadek. Dalafolha enpresaren arabera, Bolsonarok bozen % 56 eskuratuko ditu hauteskundeetan; Haddadek, berriz, % 44. Aldea txikitzen lortu du Haddadek azken egunetan, aurreko inkestan % 41 atera baitzituen.
Dena dela, Brasilgo herritarren parte bat Langileen Alderdiaren aurka dago, horrek izandako ustelkeria politikoko kasuak direla eta. Hautagai ultraeskuindarrak, ordea, aspertuta dauden herritar horiek erakarri ditu. Bolsonaroren aurkakoek politikari matxista, arrazista, militarista eta homofoboa dela diote, urteaz komunikabideetan zabaldutako adierazpen polemikoengatik.
Hautetsontziak irekitzeko ordu batzuk geratzen direnean, euren botoa erabakita ez daukatenak (hautesleen % 6) eta boza baliogabea emango dutenak (hautesleen % 8) erakartzen saiatu dira bi hautagaiak. Gainera, azken hauteskundeetan bozkatzera joan ez zirenak (30 milioi brasildar, hautesleen % 20,3) ere konbentzitu nahi dituzte. Azken hamarkadetan bizi izandako aldaketa politiko handienaren atarian dago Brasil.