Mundua -
Frantzia
Macronek lau ministro aldatu ditu
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bere Gobernua birmoldatzeko erabakia hartu du. Hala ere, zerrenda berriak ez du lurrikara politikoa eragin Macronen Gobernuan.
Agentziak | Erredakzioa
Emmanuel Macron Frantziako presidenteak Gobernua birmoldatzeko erabakia hartu duela eta lau ministro aldatuko dituela iragarri du astearte honetan; besteak beste, Barne ministroa aldatuko du. Parlamentuko Harremanetarako arduradun izandako Christophe Castaner izango da Barne ministro berria.
Hainbat atzerapenen ostean, gaur eman du jakitera Eliseok Macronen ministro berrien zerrenda; Frantziako Gobernutik Nicolas Hulot (Trantsizio Ekologikoa) eta Gerard Collomb (Barne Ministerioa) alde egin ostean eta horrek eragindako krisiari aurre egiteko hartu du erabakia Marcronek.
Collomben dimisioak birmoldaketa sakona ekarri du, baita Castanerren maila-igoera ere, Collombek utzitako kargua hartuko baitu. Bestalde, Barne Segurtasuneko Zuzendaritza Nazionaleko arduradun izandako Laurent Nunez izango da Barne Ministerioko bigarrena.
Castanerrek 52 urte ditu eta jatorri kontserbadorea dauka; Macronek sortutako La République En Marche alderdiaren buru izendatu zuten 2017ko azaroan. Halaber, Macronen Gobernuko bozeramailea izan zen.
Jacqueline Gourault Lurralde Kohesio ministro berria izango da. Franck Riester, eta Didier Guillaume Kultura eta Nekazaritza ministroak izango dira, hurrenez hurren.
Castanerrek utzitako Parlamentuko Harremanetarako kargua Marc Fesneau Mugimendu Demokrata taldearen presidenteak hartuko du.
Hala ere, zerrenda berriak ez du lurrikara politikoa eragin Gobernuan, izen ospetsuenek jarraitzen dutelako Macronen Gobernuan; besteak beste, Bruno Le Maire Finantza ministroa, eta Jean-Yves Le Drian Atzerri ministroa.