Mundua -

Urakana

Alerta gorria ezarri dute Portugalen, Leslie urakanaren gertutasuna dela eta

1842. urtetik inoiz Portugal zeharkatu duen urakanik bortitzena izango da Leslie. Herrialdera Lisboatik sartuko da eta 60 kilometro orduko abiaduran ipar-ekialderantz mugituko da.

Alerta gorria ezarri dute Portugalen, Leslie urakanaren gertutasuna dela eta. Argazkia: EFE
Alerta gorria ezarri dute Portugalen, Leslie urakanaren gertutasuna dela eta. Argazkia: EFE
Alerta gorria ezarri dute Portugalen, Leslie urakanaren gertutasuna dela eta. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alerta gorria ezarri dute larunbat honetan Portugalen, Leslie urakanaren gertutasuna dela eta. Eguraldiaren iragarpenaren arabera, haize-ufadak eta euri zaparrada handiak utziko ditu Lisboa inguruan.

Arrazoi horregatik, Portugalgo Itsaso eta Atmosfera Institutuak (IPMA) alerta gorria ezarri du herrialde horretako 13 barrutitan. Portugalera iristear dagoen urakanaren ondorioak 18:00etatik aurrera (17:00 GMT) nabarituko dituzte herritarrek, gehien bat iparraldean eta erdialdean bizi direnak, tokiko agintariek ohartarazi dutenez.

1842. urtetik inoiz Portugal zeharkatu duen urakanik bortitzena izango da Leslie. Herrialdera Lisboatik sartuko da eta 60 kilometro orduko abiaduran ipar-ekialderantz mugituko da. Dena dela, ordurako indarra galtzea aurreikusita dago, IPMAk azaldu duenez. Gauzak horrela, datozen orduotan ekaitz tropikal bihurtuta jarraituko du Europarantz.

Babes Zibileko Agintaritza Nazionalak (ANPC), berriz, urakanak herrialdea zeharkatzen duen bitartean kalera irten ez daitezen eskatu die herritarrei, eta autoak zuhaitzak dauden tokietatik urrun aparkatzeko aholkatu die, kalte materialak saihesteko.

Leslie urakana Portugalera iristen den unean, haize-ufadek 120 kilometro orduko abiadura hartu dezaketela ohartarazi dute adituek.

Datozen orduei begira iragarritako eguraldiaren ondorioz, TAP hegazkin konpainia portugaldarrak Funchal aireportuko -Madeira hiriburuan- hegaldi guztiak etetea erabaki du larunbat goiz honetan. Dena dela, igandean hegaldi gehiago jarriko ditu, bidaiariei mesede egiteko asmoz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Alerta meteorologikoak argazkiak Eguneko albisteak Eguneko albisteak Lisboa azken ordukoa Urakanak albisteak