Mundua -
BRASIL
Bolsonaro ultraeskuindarrak irabazi du hauteskundeen lehen itzulia Brasilen
Hautagai ultraeskuindarra gehiengo absolutua lortzetik gertu gelditu da. Bigarren itzulian, Fernando Haddad Langileen Alderdiko hautagaiarekin lehiatuko da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Brasilen, Jair Bolsonaro hautagai ultraeskuindarrak irabazi du hauteskundeen lehen itzulia, botoen % 46,66 eskuratuta, Hauteskunde Batzordeak emandako datuen arabera. Gehiengo absolutua lortzetik lau puntu eskasera gelditu da. Hori dela eta, Fernando Haddad Langileen Alderdiko (PT) hautagaiarekin lehiatuko da urriaren 28an egingo den bigarren itzulian. Lula da Silva presidente ohiaren alderdiko hautagaiak botoen % 28,46 lortu ditu.
Jair Bolsonaro ultraeskuindarra hautagai polemikoa da; izan ere, besteak beste, Brasilgo diktadura babestu izan du, eta adierazpen matxista, xenofobo eta homofoboak egin izan ditu. Irailean, hauteskunde-kanpainako ekitaldi batean, labanaz eraso zioten, Juiz de Fora hirian, eta ia hauteskunde kanpaina osoa ospitalean igaro du.
"Garaipen handia" urriaren 28an izango dela esan die hautagai ultraeskuindarrak bere jarraitzaileei.
Lula da Silva Brasilgo presidente ohiak uko egin zion hauteskundeetan presidentegai izateari, eta Fernando Haddad, Hezkuntza ministro eta Sao Pauloko alkate ere izan zena, izendatu zuen Langileen Alderdiko presidentegai gisa. Hala ere, Haddadek ez du Lulak adina babes izan boto-emaileen artean.
Hauteskundeetako emaitzak jakin ostean, "Brasilgo demokratekin" bat egin nahi duela iragarri du Fernando Haddad ezkerreko hautagaiak.
Larunbatera arte argitaratutako inkesten arabera, Bolsonarok eta Haddadek botoen % 45 inguru eskuratu behar zituzten. Inkestek iragarritakoa, baina, ez da bete azkenean, ezkerreko hautagaiak esperotakoa baino boto askoz ere gutxiago lortu baititu. Bigarren itzulian argituko da nor nahi duten brasildarrek presidente izateko.