Mundua -

BRASIL

Bolsonaro eta Haddad faborito, Brasilen igandean egingo diren hauteskundeei begira

Inkesten arabera, bietako inork ez du gehiengoa lortuko lehen itzulian. Hala balitz, boto gehien eskuratzen dituzten hautagaiak lehiatuko dira bigarren itzulian.

Inkestek Jair Bolsonaro hautagai ultraeskuindarra jotzen dute faborito. Argazkia: EFE
Inkestek Jair Bolsonaro hautagai ultraeskuindarra jotzen dute faborito
Brasilen hauteskundeak egingo dituzte igandean

1:09

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Brasilen, presidentea aukeratzeko hauteskundeak egingo dituzte igande honetan. Orotara, dozena bat hautagai aurkeztu dira, baina guztien artean bi dira faborito nagusiak: Jair Bolsonaro hautagai ultraeskuindarra eta Fernando Haddad Langileen Alderdiko (PT) hautagaia. Hala ere, inkesten arabera, bietako inork ez du botoen erdia baino gehiago eskuratuko. Kasu horretan, boto gehien eskuratzen dituzten hautagaiak nor baino nor gehiago lehiatuko dira bigarren itzulian. Guztira, 147,3 milioi brasildar daude botoa ematera deituta.

Aurreikuspenak betez gero, Jair Bolsonaro Alderdi Sozial Liberaleko hautagaiak lortuko du boto gehien (% 35), Lula da Silvak babestutako Fernando Haddad presidentegaiak baino gehiago lortuko baititu (% 22).

Jair Bolsonaro ultraeskuindarrak hautagai polemikoa da; izan ere, besteak beste, Brasilgo diktadura babestu izan du eta adierazpen matxista, xenofobo eta homofoboak egin izan ditu. Irailean, hauteskunde-kanpainako ekitaldi batean, labanaz eraso zioten, Juiz de Fora hirian, eta ia hauteskunde kanpaina osoa ospitalean igaro du.

Lula da Silva Brasilgo presidente ohiak uko egin zion hauteskundeetan presidentegai izateari, eta Fernando Haddad, Hezkuntza ministro eta Sao Pauloko alkate ere izan zena, izendatu zuen Langileen Alderdiko presidentegai gisa. Hala ere, Haddadek ez du Lulak adina babes izan boto-emaileen artean. Brasilgo presidente ohia hamabi urteko kartzela zigorra ari da betetzen apirilaz geroztik, ustelkeriagatik.

Aurreikuspenak betetzen badira, inork ez du botoen erdia baino gehiago eskuratuko igandeko hauteskundeetan. Urriaren 28ko bigarren itzuliari begira, inkestek berdinketa teknikoa iragartzen dute Bolsonaro eta Haddaden artean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Brasil Latinoamerikako azken ordukoa Hauteskundeak gaur Ultraeskuineko alderdi politikoak