Mundua -
AMERIKETAKO ESTATU BATUAK
302 pertsona atxilotu dituzte Washingtonen, Kavanaugh epailearen aurkako protestetan
Donald Trump presidente estatubatuarrak Auzitegi Goreneko magistratu izateko proposatutako hautagaia da, sexu-abusuak egin izana leporatu badiote ere. Senatuak larunbatean egingo du bozketa.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Ameriketako Estatu Batuetan, Brett Kavanaugh magistratuaren aurka protestan ari ziren 302 manifestari atxilotu ditu Kapitolioko Poliziak Washington hiriburuan. Donald Trump presidente estatubatuarrak Auzitegi Goreneko magistratu izateko proposatutako hautagaia da, sexu-abusuak egin izana leporatu badiote ere. Senatuak larunbatean bozkatuko du Goreneko magistratu izendatzen duen ala ez.
Kapitolioko Poliziak ohar batean azaldu duenez, 293 pertsona "legez kanpo" manifestatzeagatik atxilotu dituzte, eta gainerako bederatziak, "pilatzeagatik eta traba egiteagatik".
Besteak beste, Amy Schumer aktore eta komediantea eta Emily Ratajkowski modeloa daude atxilotuen artean.
Larunbatean bertan baiezta daiteke Kavanaughen izendapena; izan ere, orduan egingo dute bozketa Senatuan. Errepublikanoek gehiengoa dute Senatuan (100 ordezkarietatik 51) eta kontserbadoreek 50 boto behar dituzte izendapena onartzeko.