Mundua -

AMERIKETAKO ESTATU BATUAK

Aberastasuna handitzeko zerga iruzurra egitea egotzi dio 'New York Times'ek Trumpi

Egunkariak egindako kalkuluen arabera, Trump eta haren anai-arrebek 1.000 milioi dolar baino gehiagoko aberastasuna jaso zuten oinordetzan eta 53 milioi baino ez zuten ordaindu zergetan.

Donald Trump AEBko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Donald Trump AEBko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

The New York Times egunkariak argitaratutako ikerketa baten arabera, Donald Trump AEBko presidenteak zerga iruzurra eta zerga ihesa baliatu izan ditu aberastasuna handitzeko.

Egunkariak zerga aitorpenak eta bestelako dokumentuak aztertu ditu. Horren arabera, Trumpek 413 milioi dolar jaso zituen aitarengandik urteetan zehar. Gurasoei lagundu omen zien zergak ez ordaintzeko eta horregatik jaso ei zuen diru hori.

Trump eta bere anai-arrebek enpresa faltsu bat sortu omen zuten gurasoengandik jasotako dirua gordetzeko. Horrez gain, Trump eta haren senideek aitaren higiezinen negozioaren aktiboak gutxietsi zituzten negozioaren jabe egin zirenean, zergak saihesteko.

Guztira, Trump eta haren anai-arrebek 1.000 milioi dolar baino gehiagoko aberastasuna jaso zuten oinordetzan eta 53 milioi dolar baino ez zuten ordaindu zergetan.

Ez da The New York Times egunkariak Trumpen zerga ordainketak zalantzan jartzen dituen lehen aldia. 2016ko hauteskunde kanpainan, urteetan errentaren gaineko zerga saihestu zuela iradokitzen zuten dokumentuak zabaldu zituen. AEBko beste presidente batzuek egin ez bezala, Trumpek uko egin izan dio bere zerga aitorpenak argitaratzeari.

Etxe Zuriak, ostera, The New York Times egunkariak argitaratutako informazioa gezurtatu du. Sarah Senders Etxe Zuriko bozeramailearen esanetan, informazioa "engainagarria" da.

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Ameriketako Estatu Batuak bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Donald Trump Zerga politika gaur