Mundua -
Galdeketa ez loteslea
Mazedoniako galdeketa baliorik gabe geratu da, parte-hartze txikia dela eta
Mazedoniako Errepublikaren izena aldatu ala ez erabakitzeko galdeketa ez loteslean herritarren % 34k bakarrik eman dute botoa. Iparraldeko Mazedoniako Errepublika izena proposatzen dute.
Agentziak | Erredakzioa
Mazedoniako Errepublikan baliorik gabe geratu da errepublikaren izena aldatu ala ez erabakitzeko galdeketa ez loteslea, parte-hartzea behar baino txikiagoa izan baita. Izan ere, soilik herritarren % 34k eman dute botoa igande honetan.
Konstituzioko 30. artikuluaren arabera, parte-hartzea gutxienez % 50 gehi batekoa izan behar da emaitza baliozkoa izan dadin.
Hauteslekuak 19:00etan itxi dituzte, hamabi orduz zabalik egon ostean. Oliver Derkoski Mazedoniako Hauteskunde Batzordeko presidenteak jakinarazi duenez, eguna lasaia izan da eta ez da inolako istilurik izan boto-emaileen artean.
Galdeketa loteslea ez izan arren, Mazedoniako Gobernuarentzat zaila izango da Parlamentuak izen aldaketari argi berdea ematea, parte-hartzea oso txikia izateaz gain, gizartea oso zatituta dagoelako. Urteetako gatazkaren ondoren, Iparraldeko Mazedoniako Errepublika izena proposatzen dute.