Mundua -
Hondamendi naturala
65 pertsona hil dira jada Filipinetan Mangkhut tifoiaren eraginez
Gainera, 43 lagun desagertu eta 65 zauritu dira. Tifoiak orduko 200 kilometrotik gorako haize-boladak utzi ditu, baita euriteak ere.
Agentziak | Erredakzioa
Gutxienez 65 pertsona hil dira Filipinetan Mangkhut tifoiaren ondorioz. Tifoiak orduko 200 kilometrotik gorako haize-boladak utzi ditu, baita euriteak ere. Gainera, 43 lagun desagertu eta 65 zauritu dira, Filipinetako Polizia Nazionalak jakitera eman dituen azken datuen arabera.
300 bat agente, suhiltzaile eta boluntario ari dira bilaketa lanetan. "Bilaketa eta erreskate lanekin bukatzen ari gara. Bihar berreraikitze lanekin hasi beharko ginateke", esan du Francis Tolentino Presidentetzako bozeramaileak prentsaurrekoan.
Guztira, 270.388 lagun kaltetu dira 30 probintziatan ekaitzaren ondorioz, Filipinetako Larrialdietarako Batzorde Nazionalak jakitera eman duenez. 154.185 pertsona ebakuazio zentroetan hartu dituzte, eta eskolak bertan behera utzi dituzte 945 herritan.
Hegaldietan ere izan dira eraginak: nazioarte mailako 127 hegaldi eta herri barruko 125 hegaldi bertan behera utzi dituzte. Itsas trafikoan ere eragin handia izan du tifoiak Luzon uhartean. Elektrizitatea eten da 142 eskualdetan, eta gutxienez 33 errepideetan arazoak izan dira.
Filipinetako zerbitzu meteorologikoaren arabera, alerta maila jaitsi egin da tifoiak Filipinetatik atera baira; hala ere, haize bolada handiak eta euria mantenduko direla eta, hortaz, uholdeak eta luiziak eman daitezkeela ohartarazi dute.
Alerta Hong Kongen eta Macaon
Filipinetan Ompong izenarekin ezaguna izan den tifoia urteko gogorrena izan da, eta Luzon uhartean izan du eragin handiena; Filipinetako herritarren erdiak bertan bizi dira. Tifoiak Txinarako bidea hartu du, eta Hong Kong astindu du. Vietnamera ere helduko da, orduko 170 kilometroko haize-boladekin. Ekaitzak 5. mailako urakan baten indarra izan du azken orduotan.