Mundua -
BRASIL
Lulak uko egin dio hauteskundeetara aurkezteari eta Haddad izango da presidentegaia
2003tik 2010era Brasilgo presidente izan zena kartzela zigorra betetzen ari da ustelkeriagatik, eta Justiziak debekatu egin dio presidentegai izatea.
AGENTZIA | ERREDAKZIOA
Lula da Silva Brasilgo presidente ohiak uko egin dio astearte honetan urriaren 7ko hauteskundeetan presidentegai izateari, eta Fernando Haddad, Lularekin Hezkuntza ministro izan zena, izango da Langileen Alderdiaren (PT) hautagaia.
PT alderdiko zuzendaritzak Curitiba hirian egin du iragarpena, presidente ohia kartzela zigorra betetzen ari den hirian, hain zuzen ere. Apirilaz geroztik, hamabi urteko zigorra ari da betetzen bertako espetxean. Atzo amaitzen zen presidentegaiak aurkezteko epea.
Langileen Alderdiak azpimarratu duenez, Haddad hautagaiak Lularen babesa du.
Boto-asmoari buruzko inkesten arabera, Lula da Silva zen presidenterako hauteskundeak irabazteko faboritoa, botoen % 40rekin, bai lehen itzulian eta baita bigarren itzulian ere. Fernando Haddad, Lularen Hezkuntza ministro eta Sao Pauloko alkate izandakoa, ostera, bosgarrena da boto-asmoan (% 9). Hauteskundeetarako hilabete baino gutxiago falta den honetan, bere aitabitxi politikoa babesten dutenen botoak jasotzea espero du.