Mundua -
Idlebeko probintzian
Errusiak 90 aire-eraso jo ditu Sirian, eta gutxienez bost zibil hil ditu
Giza Eskubideetarako Siriako Behatokiak salatu duenez, azken hilabeteetako eraso "bortitzenak" izan dira. Hildakoetako lau haurrak ziren.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Errusiako hegazkinek 90 eraso egin dituzte larunbat honetan Siriako Idleb probintziaren aurka eta, horren ondorioz, gutxienez bost zibil hil dira, horietako lau haurrak zirela, Giza Eskubideetarako Siriako Behatokiak jakitera eman duenez.
Abdin udalerriko inguruetan hiru adingabe eta emakume bat hil dira, eta Al Halbako udalerrian, Idlebeko hegoaldean, berriz, beste neskato bat hil da bonbardaketen ondorioz. Probintzia horretan erasoaldia abiatzeko prestatzen ari dira Siria eta horren aliatuak.
Giza Eskubideetarako Siriako Behatokiak azaldu duenez, azken hilabetean izandako eraso "bortitzenak" izan dira. Erasoaldia joan den abuztuaren 10ean abiatu zuen Errusiak, Damaskoren aliatuak. Gobernuz Kanpoko Erakundeak ohartarazi duenez, litekeena da hildako kopuruak gora egitea, zaurituak larri daudelako, baina horien kopurua zehaztu gabe.
Bachar al Asad Siriako presidentearen aliatuek laster operazio militarra zabalduko dutenez, talde armatuei armak uzteko eskatu zieten atzo Errusiak, Turkiak eta Iranek, tragedia humanitarioa ekiditeko asmoz.