Mundua -
Hirugarren goi-bilera
Korea bietako buruak irailaren 18tik 20ra bitartean bilduko dira Piongiangen
Kim Jong-unek eta Moon Jae-inek udazkenean bilera bat egitea aurreikusi zuten, harremana estutzen jarraitzeko eta penintsula desnuklearizatzen lan egiteko.
Agentzia | Erredakzioa
Kim Jong-un Ipar Koreako buruak eta Moon Jae-in Hego Koreako presidenteak hirugarren goi-bilera irailaren 18tik 20ra bitartean egingo dute Piongiangen, Seulgo mandatari batek ostegun honetan iragarri duenez; asteazkenean bildu zen Kim Jong-unekin.
"Irailaren 18tik 20ra bitartean, hiru egunez eta bi gauez, Korea bien arteko goi-bilera bat egitea adostu dute Ipar Koreak eta Hego Koreak", azaldu du Chung Eui-youn Seulgo Segurtasun Nazionaleko Bulegoko zuzendariak prentsaurrekoan, bezperan Ipar Koreako hiriburua bisitatu ondoren.
Kim Jong-unek eta Moon Jae-inek udazkenean bilera bat egitea aurreikusi zuten, bien arteko harremana estutzen jarraitzeko eta penintsula desnuklearizatzen jarraitzeko, apirilean egindako lehen goi-bileran hitzartu zuten moduan.
Goi-bileraz hitz egiteaz gain, Ipar Koreako eta Hego Koreako ordezkariak Piongiangen eta Washingtonen arteko eztabaida prozesu konplexuaz ere aritu ziren.
Horren harira, Kim Jong-unek “Koreako penintsula guztiz desnuklearizatzeko nahia nabarmendu zuen, eta Hego Korearekin lankidetzan jarduteaz gain, Ameriketako Estatu Batuekin ere hala izatea nahi zuela adierazi zuen”, azaldu du Chung Eui-younek agerraldian.