Mundua -
HAUTESKUNDEAK, URRIAK 8
Lula ezingo da hautagi izan Brasilgo hauteskunde presidentzialetan
Brasilgo Hauteskundeetarako Auzitegi Gorenak bart hartu du erabakia, presidente ohia ustelkeriagatik zigortuta dagoela argudiatuta. Lularen abokatuek helegitea jarriko dutela iragarri dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidente ohia ezin dela hurrengo hauteskunde presidentzialetan hautagai izan ebatzi berri du Brasilgo Hauteskundeetarako Auzitegi Gorenak, ustelkeriagatik zigortua izan delako.
Lau aldeko boto eta kontrako bat izan ditu sententziak, eta beste mugarri bat ezarri du azken hamarkadetako hautesde prozesu tirabiratsuenetan.
Presidente ohiaren abokatuek jada iragarri dute helegitea jarriko dutela.
Lula da Silva da, izan ere, hurrengo urriaren 8an izango diren hauteskundeetarako inkesta guztiek irabazle jotzen dutena, espetxean izan arren.
Epeak
Orain, alderdiak 10 egun ditu zerrendaburua aldatzeko, eta aldaketa hori egin arte Lulak ezingo du telebistako eta irratietako saioetan agertu.
12 urteko kartzela-zigorra betetzen ari da Lula, eskupekoak onartzea leporatuta.
Brasilgo Auzitegi Federal Gorenak hilabete honetan ebatzi beharko du Lulak bere espetxeratze aginduaren aurka jarritako helegitea. Libre utzi edo ez erabaki beharko dute. Bere kartzela-zigorraren inguruko helegitea ere martxan da, gainera. Libre utziko balute ere, baina, ezingo luke hautagai izan, Brasilgo hautes-legeak debekatu egiten baitu epaitegiek lehen apelazioan errudun izendatu dituztenak aurkeztu ahal izatea, eta hori da Lularen kasua.