Mundua -

Venezuela

Venezuelara itzultzeko laguntza eskatuz 'milaka eskaera' jaso dituela dio Gobernuak

Ildo horretatik, Perun "egoera latza" bizi izan duten 89 venezuelarrek herrialdera itzultzeko laguntza eskatu dutela ziurtatu du Venezuelako Komunikazio ministroak.

Jorge Rodriguez, Venezuelako Komunikazio ministroa. Argazkia: EFE
Jorge Rodriguez, Venezuelako Komunikazio ministroa. Argazkia: EFE
Jorge Rodriguez, Venezuelako Komunikazio ministroa. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jorge Rodriguez Venezuelako Komunikazio ministroak ostegun honetan ziurtatu duenez, azken asteotan Nicolas Maduroren Gobernuak "milaka eskaera" jaso ditu herrialdera itzultzeko laguntza eskatuz. Halaber, Kolonbiara eta Perura alde egin duten herritar askoren kontra "xenofobia bultzatu" dutela salatu du.

"Herrialdera bueltatzeko laguntza eskatuz, milaka eta milaka eskaera jaso ditugu gure enbaxadetan azken egunotan, baina horren inguruan ezin dugu datu gehiagorik eman, aberrira itzuli nahi diren herritarren aurka errepresaliarik har ez ditzaten", azaldu du Komunikazio ministroak Caracas hiriburuan egindako agerraldian.

Ildo horretatik, Perun "egoera latza" bizi zuten 89 venezuelarrek herrialdera itzultzeko laguntza eskatu dutela ziurtatu zuen Venezuelako Gobernuak asteartean. Hala, Maduro presidenteak berak apirilean prestatu zuen egitasmo bati jarraituz, dagoeneko laguntza eskaini dietela azaldu du Rodriguezek.

Bestalde, Kolonbiara eta Perura alde egin duten herritar askoren kontra "xenofobia bultzatu" dutela salatu du. Horren esanetan, bi herrialde horietako gobernuek venezuelarren kontrako mezuak zabaldu dituzte "tokiko hedabideak erabiliz".

Maduroren gobernuak ez du zehaztu egoera ekonomiko larriak eraginda zenbat pertsonak egin duten alde Venezuelatik. Dena dela, azken urteotan lau milioi venezuelar herrialdetik joan direla ziurtatu du oposizioak Parlamentuan.

Venezuelarren migrazioari aurre egin eta herritarrei erantzun eraginkorra eman ahal izateko, inguruko herrialdeak elkarrekin ari dira lanean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa Venezuela Nicolás Maduro gaur