Mundua -
Estatu Batuak
Trumpek jokaera kriminalak ukatu ditu, bere abokatu ohiaren akusazioen ostean
AEBko presidenteak adierazi du 2016ko hauteskunde-kanpainan bi emakume isilarazteko ordainketak ez zuela hauteskunde-legerik hautsi.
Agentziak | Erredakzioa
Donald Trump AEBko presidentea Michael Cohen bere abokatu pertsonal ohiak asteartean sartu zuen nahastetik ateratzen saiatu da, 2016ko hauteskunde-kanpainan bi emakume isilarazteko egindako ordainketak ez zuela hauteskunde-legerik hautsi esanez.
Urte hartan hautagai errepublikanoa zenarekin ustez izan zituzten harremanez hitz egitea ekiditeko, bi emakumeri ordaintzea eskatu zion Trumpek, Cohenen arabera, eta hainbat delitu egin zituela adierazi zuen. Trumpek garrantzia kendu nahi izan dio kontu horri, eta gezurrak esatea leporatu dio bere abokatu ohiari.
"Norbaitek abokatu on bat behar badu, Michael Cohenen zerbitzuak ez kontratatzeko aholkatuko nioke irmo", idatzi du Trumpek Twitterren duen kontuan. Halaber, abokatuari "lur jota geratzea" eta bera estutzen ari ziren fiskalekin "hitzarmen bat lortzeko istorioak asmatzea" leporatu dio.
"Geroago jakin nuen (bi emakumeri egindako ordainketa), geroago", esan du presidenteak, Fox News kateari egindako adierazpenetan.
Hauteskunde-kanpainako buru ohiari indultua ematea aztertzen ari da Trump
Halaber, AEBko presidenteak asteazken honetan esan du Paul Manafort hauteskunde-kanpainako buru ohiari indultua ematea aztertzen ari dela, Fox News kateko kazetari batek esan duenez. Manafort errudun jo zuten, banku-iruzurra eta iruzur fiskala egitea egotzita egin zioten epaiketan.
Ainsley Earhardt kazetariaren hitzetan, Trumpek elkarrizketa batean esan dio "aztertu" egingo duela Manaforti indultua ematea.
"Manafortengatik gaizki sentitzen dela uste dut. Lagunak ziren", esan du Earhardtek. AEBko kateak Trumpi egindako elkarrizketaren zatiak argitaratu ditu, baina ostegunean emango dute oso-osorik. Orain arte zabaldu dituzten zatietan ez da inon ageri Trumpek Manaforti indultua ematea aztertzeko asmoa duenik.