Mundua -

Italia

'Diciotti' ontziko 29 adingabe lehorrera jaisteko baimena eman du Salvinik

Hainbat erakundek presioa egin dute horretarako; ontzian, orain, 148 migratzaile daude, Catanian (Sizilian), Europako herrialdeek irtenbideren bat adostu arte.

Erabakiaren ostean, 148 migratzaile daude ontzian. Argazkia: EFE.
Erabakiaren ostean, 148 migratzaile daude ontzian. Argazkia: EFE.
Erabakiaren ostean, 148 migratzaile daude ontzian. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Matteo Salvini ultraeskuindarrak, Italiako Barne ministroa bera, baimena eman du asteazken honetan "Diciotti" ontzi militarrean dauden 29 adingabeek lehorrera jaisteko; ontzia astelehenetik dago Cataniako portuan, Siziliako hegoaldean. Hainbat erakundek egin dute presioa, azken orduetan, Salvinik hori erabakitzea xede. Oraingoz, gainerako 148 migratzaileek ontzian jarraituko dute.

177 migratzaile zituen ontziak barruan astelehenean; iritsi aurretik, bost egun eman zituen itsasoan, Italiako Gobernuak porturen batean porturatzeko baimena eman arte.

Danilo Toninelli Azpiegituretako ministroak (Bost Izarretako Mugimenduko kidea da) esan zion ontziari Cataniara joateko baimena zuela, baina portu bat esleitzeko eskumena Salvini buru duen Barne ministerioak ere badu; azken horrek, orduan, ez zuen baimenik eman migratzaileak jaisteko, baina gaur, presio batzuk jasota, adingabeei eman die aukera hori.

"Niri dagokidanez, ez da beste inor jaitsiko"

"29 adingabe daude ontzian; ados, jaitsi ahal dute", esan du Salvinik, sare sozialetan zabaldutako bideo batean. "Adingabeek jaisteko baimena dute, eta artatuko dituzte; gainerakoei dagokienez, Europarik baldin badago, erakus dezala. Niri dagokidanez, ez da beste inor jaitsiko", nabarmendu du, eta, halaber, galdegin dio Europar Batasunari "esnatzeko".

Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak, aldiz, eskatu du, sare sozialetan, "erantzun sendoa eta argia, Europako erakundeen aldetik, eta erantzun egokia, gainerako herrialdeen aldetik".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea EB Albisteak migrazioa Europa Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Italia Mediterraneo itsasoa gaur