Mundua -
Grezia
Tsiprasek 'Greziako odisea' amaitu dela adierazi du
Herrialdeak zortzi urte eman ditu hainbat erreskateren zamapean: "Orain, gure patua eta etorkizuna zehazteko eskubidea berreskuratu dugu; inposiziorik gabe, baina zuhurtziaz".
Agentziak | Erredakzioa
Greziako lehen ministro Alexis Tsiprasek iragarpen garrantzitsua egin du astearte honetan, Itaka uharte mitologikoan, Grezian laguntza-programen "odisea" amaitu dela, eta, hemendik aurrera, autogestio-garai berria hasiko dela esan baitu: "Gaurkoa egun historikoa da. Austeritate, atzeraldi eta atsekabe sozialeko egunak amaitu dira azkenean. Bere patua eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea berreskuratu du gure herrialdeak", esan du Tsiprasek, telebistaz emandako hitzaldi batean, Itakako badia atzean zuela.
Odisea ekonomikoaren amaieraz hitz egin dio Tsiprasek bere herriari, baina ez du zehaztu zein plan duen etorkizunerako. Salonikako industria-azokan iragarriko ditu, irailean; urte politikoa bertan hasten dute, urtero.
Proposamenik ez du egin, baina gogora ekarri ditu greziarrek nolako ahaleginak egin behar izan dituzten azken urteotan; Homeroren zeharkaldi gorabeheratsuarekin alderatu ditu ahalegin horiek.
"2010etik, Greziak odisea modernoa jasan du. 2015era arte, bake-garaietan herrialde batentzat pentsaezinak ziruditen gauzak gertatu ziren: ondasun nazionalaren % 25 galdu zuen; hamar lagunetik hiruk lana galdu zuten, hamarretik seik gazteen artean", adierazi du.
"Demokrazia mugatu zuten"
"Demokrazia mugatu zuten; bankariak lehen ministro bilakatu ziren; eta ministroak, bankari; banda faxistak berragertu ziren kaleetan, 60 urteren buruan", esan du.
Tsiprasen esanetan, orain, Greziak erabakitzeko eskubidea berreskuratu du, Europako beste edozein herrialdek bezala; inposiziorik gabe, baina zuhurtziaz: "Aro berri honetan, ez dugu huts egingo, eta ez dugu ahaztuko laguntza-programetan ikasitakoa. Ez diogu utziko geure buruari gertatutakoa ahazten".