Mundua -

OSASUNA

44 pertsona hil dira ebolagatik Kongoko Errepublika Demokratikoan

Abuztuaren 8an jarri zuten martxan ebolaren aurka txertatzeko kanpaina. Orain arte, baina, Kongoko bi probintziatan agertu dira ebola kasuak.

Ebola-agerraldia Kongoko Errepublika Demokratikoan. Argazkia: EFE
Ebola-agerraldia Kongoko Errepublika Demokratikoan. Argazkia: EFE
Ebola-agerraldia Kongoko Errepublika Demokratikoan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ebola Kongoko Errepublika Demokratikoan zabaltzen ari da. Orain arte, herrialdeko bi probintziatan baino ez da agertu. Momentuz, 51 kasu eta 44 hildako daude, Kongoko Osasun Ministerioak argitaratu duen azken balantzearen arabera.

Kongoko agintariek hilaren 1ean jakinarazi zuten Mangina herrian (Iparraldeko Kivu) ebolaren agerraldi berria izan zela. Orain, Ituri probintziara zabaldu da. Abuztuaren 8an jarri zuten abian ebolaren aurka txertatzeko kanpaina, hedatzea gelditzeko asmoz.

Mugarik Gabeko Medikuak elkarteak birus hau duten pertsonak artatzeko zentro bat jarri du Mangina udalerrian. Guztira 37 pertsona daude ospitalizatuta bertan, eta birusarekin kutsatuta daude horietako 31.

"Pazienteen artean, zonaldeko osasun zerbitzuko lankideak daude", jakinarazi du ohar baten bidez elkarte horretako larrialdietarako programen koordinatzailea den Gwenola Serouxek. "Zerbitzuak eman dituzten lehenak izan dira, eta batzuk kutsatu egin dira", azaldu du koordinatzaileak.

Bestalde, osasun erakundea Iturin ari da lanean. Osasun-etxeak bisitatu ditu eta isolamenduko gelak jarri dituzte behar ziren zentroetan. Zaintzak ere egiten dituzte, eta bertako osasun langileekin lan egiten dute ebolaren egoeraz hitz egiteko.

Halaber, gatazka dago Iparraldeko Kivun. Horregatik, Munduko Osasun Erakundeko zuzendariak, Tedros Adhenom Ghebreyesusek, borroka eteteko eskatu die liskarrean murgilduta dauden bi taldeei, birusa guztientzat baita arriskutsua. Gainera, nazioarteari deia egin dio "heldu ezin den lekuetara" iristeko modua izan dezaten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ebola Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak