Mundua -
Hondamendi naturala
Beste lurrikara bat izan da Lombok uhartean
Bestalde, dagoeneko 259 dira igandean 6,9 graduko lurrikaran hildako pertsonak, Indonesiako agintarien datuen arabera. Halaber, 1.500 pertsona zauritu dira, eta 156.000 kaltetu.
Agentziak | Erredakzioa
5,9 graduko lurrikara batek astindu du berriro Lombok uharteko ipar-mendebaldea. Igandean beste mugimendu teluriko bat izan zen.
AEBko Zerbitzu Geologikoak emandako lehen datuen arabera (mundu osoko jarduera sismikoa erregistratzen du), 10 kilometroko sakoneran izan du hipozentroa, Maratam hiriburutik 23 bat kilometrora.
Bestalde, Indonesiako agentziak esan du 6,2 graduko lurrikara izan dela eta hipozentroa 12 kilometroko sakoneran izan duela.
Lurrikararen ondorioz, hainbat eraikin erori dira. Lomboken indar handiko bi lurrikara izan dira azken bi asteotan.
Reuters agentziak aipatutako lekuko batek azaldu duenez, dardara berrien ostean, ikara izan da nagusi herritarren artean. Agintarien esanetan, erreplika honen epizentroa lurrean izan da, eta, beraz, ez da tsunami arriskurik.
259 dira dagoeneko igandeko lurrikaran hildakoak
Bestalde, Indonesiako agintariek azaldu dutenez, 259 dira dagoeneko igandean Richter eskalan 6,9 gradu harrapatu zituen lurrikaran hildako pertsonak; gainera, 350 erreplika baino gehiago izan dira. Halaber, behin-behineko balantzearen arabera, 1.500 pertsona zauritu eta 156.000 kaltetu dira.
Sutopo Purwo Nugroho Hondamendiak Kudeatzeko Agentzia Nazionaleko bozeramaileak esan duenez, datu ofizialak "mantso" datoz, baina fidagarriak dira, zabaldu aurretik egiaztatu egiten dituztelako.