Mundua -
lurrikara
Lombok uharteko hondakinen artean desagertuen bila ari dira erreskate taldeak
Saltoki batean harrapatuta geratu zen emakume gazte bat bizirik atera dute gaur. 100 hildakotik gora zenbatu dituzte jada.
Agentzia | Erredakzioa
Abuztuaren 5ean Indonesiako Lombok uhartea astindu zuen lurrikararen ostean, hondakinen artean bizirik egon daitezkeen pertsonen bila ari dira erreskate taldeak. Gaur Pemenang herritik heldu da albiste ona: lan egiten zuen saltokian harrapatutako emakume bat atera dute hondakinen artetik, onik.
23 urteko emakume bat omen da erreskatatutakoa, Nadia Revanale. Bizilagunek haren oihuak entzun eta erreskate taldeak ohartarazi dituzte. Lau orduren ostean atera dute.
"Aurrena eskuekin kendu ditugu hondakinak, gero mailuak, zizelak eta bestelako tresnak erabili ditugu, apurka-apurka", azaldu du boluntarioetako batek. "Luzea izan da, baina onik atera dugu", erantsi du pozik.
Meskita baten ingurua ere miatzen ari dira erreskate taldeak, bertan harrapatuta egon daitezkeen pertsonetatik lau bizirik egon daitezkeelakoan.
Dena dela, Sutop Purwo Nugroho Hondamendiak Kudeatzeko Agentziaren bozeramailearen hitzetan, gune askotara ezin iritsita daude, hainbat zubi erori egin baitira.
Hildako kopuruak gora egin du
Gutxienez 105 pertsona hil dira lurrikaran, agintariek jakitera eman duten azken balantzearen arabera. Kopurua ez da behin betikoa, desagertu asko eta asko hondakin artean daudelako oraindik.
Bien bitartean, milaka turistek Lombok utzi dute, errepliken beldur. Hegaldi eta ferry gehiago jarri dituzte, eskariaren gorakadari aurre egiteko.
Agintarien hitzetan, 2.000 pertsona inguru Gili uharteetara eraman dituzte jada.