Mundua -
Maduroren aurkako atentatua
Santosek Madurori erantzunez: 'Gauza garrantzitsuagoak egiten ari nintzen'
Politikari kolonbiarraren iritzian, "harrigarria" da Maduro hiltzeko "Venezuelako eskuinarekin" eta AEBrekin lanean ari dela esatea.
agentziak | erredakzioa
Juan Manuel Santos kargua utziko duen Kolonbiako presidentearen iritzian, "harrigarria da" Nicolas Maduro Venezuelako presidenteak bere kontra egindako akusazioa, eta, larunbatean presidente venezuelarraren aurkako atentatua prestatzea baino "gauza garrantzitsuagoak" zituela egiteko gaineratu du.
"Larunbatean gauza garrantzitsuagoak egiten ari nintzen: nire ilobaren bataioan nengoen", esan du Santosek hedabideen aurrean Venezuelako presidentearen salaketei erantzunez, Garapenerako Banku Interamerikarraren foro batean parte hartzen ari zela.
Caracol Irratiaren arabera, agintari kolonbiarraren esanetan, "harrigarria" da esatea "eskuin venezuelarrarekin" eta AEBko Inteligentziarekin lanean ari dela "Venezuelako presidentea hiltzeko asmoz".
Bide batez, Santosek aukera aprobetxatu du Alvaro Uribe Kolonbiako presidente ohiak ere bere aurka egindako akusazioei erantzuteko. Uriberen esanetan, Santosek esku hartu omen du Auzitegi Gorenean ikertzen ari diren lekukoen manipulazioaren auzian sartzeko.
"Azken egunotan, muturreko eskuina hemen da, herrialde honetan, eta horren buruetako batek Inteligentzia britainiarrarekin, James Bondekin, Gorte Nagusiarekin (…) FARCekin (…) konplota egitea leporatu zidan (…) Nik uste nuen akusazio zoroen muga erdietsita zegoela, baina ez, oker nenbilen", deitoratu du.
Drone leherkariak
Lehergailuak zeramatzaten bi drone leherrarazi zituzten larunbat arratsaldean Caracasko Bolivar Etorbidean, Maduro ehunka militarren aurrean hitzaldi bat ematen ari zela, Guardia Nazional Bolivartarraren 81. urteurrena dela eta.
Venezuelako eta Kolonbiako "ultraeskuinaren" eta Ameriketako Estatu Batuetako agenteen konplot batean laguntzea egotzi dio Madurok Santosi. Sei pertsona atxilotu dituzte oraingoz horrekin lotuta. Maduro onik atera zen, baina zazpi militar zauritu ziren.