Mundua -
Atenaseko iparraldean
Desagertuak topatzea eta suteak itzaltzea da helburu nagusia orain Grezian
Hildakoen kopurua 80ra heldu da, baina 100 baino gehiago ere izatea aurreikusi dute, 25 bat desagertu baitaude. Herrialdean gogoratzen den gisa honetako ezbeharrik handiena da.
agentziak | erredakzioa
Greziako Suhiltzaileetako eta Babes Zibileko kideek desagertuen bila jarraitzen dute gaur, asteazkena, Atenaseko ipar-ekialdean dagoen kostaldea kiskali eta, orain arte, 80 hildako utzi dituzten suteen ostean.
Bart topatu dituzten azken hilotzak bi adinekori dagozkie. Biak haien etxebizitzan zeudela hil ziren, suak han harrapatuta.
Halere, oraindik zehaztugabe dago desagertutako pertsona kopurua.
Evanguelos Burnus Rafina hiriko (Atenasetik 30 bat km-ra) alkateak Skai telebista kate pribatuan egindako adierazpenen arabera, hildakoen kopurua 100dik gorakoa izan liteke.
Burnusen arabera, 25 bat pertsonak jarraitzen dute desagertuta, senide eta lagunek emandako abisuen arabera.
Armadako 130 bat soldaduk eta suhiltzailek osatu dute bilaketa taldea.
187 zaurituetatik 71k ospitalean jarraitzen dute eta, horietatik, hamar egoera kritikoan daude.
Bitartean, suhiltzaileak oraindik piztuta dauden suteak itzaltzen saiatzen ari dira Atica eskualdean, bereziki mendebaldean, hain zuzen, astelehenean sua piztu zen lekuan. Zorionez, ez da hildakorik izan gune horretan.
Ekialdean, aldiz, 15 km koadro kiskali dira, eta hondakinak kentzeko lanak hasi dira dagoeneko, hala nola, instalazio elektrikoa konpontzeko.
Burnusek ERT telebistan esan zuenaren arabera, Rafinan kiskalitako autoak kendu dituzte jada.
DEI enpresa elektrikoko arduradun batek, bestalde, adierazi zuen kableak eta zutoinak konpontzen ari direla, eta baliteke gaur bertan argindarra zerbitzua berrezartzea.
Guztira, 7.500 etxebizitza geratu dira argindar barik. Matin, gehien kaltetutako eta hildakoak izan diren herrian, 15 egunez egongo dira ur barik, eta hilabete argindarrik gabe.
Tokiko agintariek egindako lehen balorazioaren arabera, 2.500 etxebizitza baino gehiago txikitu dira Vutza, Nea Makri, Mati eta Rafinan, eta beste 4.000k kalte larriak izan dituzte.