Mundua -

Siria

20.000 zibilek ihes egin dute Siriako hegoaldetik, Estatu Islamikoaren mehatxuagatik

1.500 bat matxino eraman egin dituzte eskualde horretatik bertatik, igande honetan; borrokalariek euren esku zituzten hainbat herrixka Armada siriarraren kontrolpean daude orain.

Siriako hegoaldean, milaka lagun ari dira ihes egiten. Argazkia: EFE.
Siriako hegoaldean, milaka lagun ari dira ihes egiten. Argazkia: EFE.
Siriako hegoaldean, milaka lagun ari dira ihes egiten. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

20.000 zibilek baino gehiagok ihes egin dute azken 24 orduetan Estatu Islamikoaren mendean dagoen Jaled bin Walid Armadak kontrolatzen dituen eskualdeetatik, Deraa probintzian, Siriako hegoaldean, herrialdeak Jordaniarekin duen mugan; Gobernu siriarrak kontrolpean dituen eskualdeetara joateko asmoarekin ihes egin dute. Bitartean, 1.500 bat soldadu matxino eraman egin dituzte probintzia horretatik bertatik, igandean, Idlib hirira, alegia, herrialdeko iparraldera; hala eman diote jakitera zenbait iturri militar errusiarrek RIA Novostiri.

Aipatutako probintzian, borrokalariek euren esku zituzten dozenaka herrixka Armada siriarrak ditu orain kontrolpean, errusiar ofizialen bitartekaritzarekin. Siriako Gobernuak eta aliatuek biziagotu dituzte erasoak, herrialdeko hegoaldea guztiz kontrolatu nahirik.

Gobernuak eta aliatuak Yarmuk ibaiaren arroan ari dira erasoa jotzen, aire-erasoen bidez, Deraako mendebaldean. 10.000 zibil omen daude oraindik bertan harrapatuta, Giza Eskubideen Siriako Behatokiaren esanetan; Behatokiak erresuma Batuan du egoitza, baina zenbait laguntzaile ditu Sirian.

Ostiralean, gutxienez 32 zibil, tartean 11 ume, hil ziren Yarmukeko arroan, Damaskoren eta Moskuren erasoengatik.

Siriak Jordaniarekin eta Israelekin muga duen lurraldea

Deraa eta Al Quneitra probintziek Jordania eta 1967tik Israelekoak diren Golango gainekin dituzte mugak. Bi herrialde horiek itxita dituzte mugak kanpaina militarretik ihes egiten ari diren errefuxiatuentzat, nazioarte-mailako presioak gorabehera; dena dela, Jordaniak iragarri berri du 800 siriar sartu ahal izango direla herrialdean, alegia, 800 Kasko Zuri, Siriako Defentsa Zibilean lan egin dutenak. Golango gainetatik sartu ahal izango dira herrialdean.

800 siriar horiek Erresuma Batura, Alemaniara eta Kanadara eramango dituzte ondorengo hiru hilabeteotan. Lehen aldiz onartu ditu Jordaniak errefuxiatu siriarrak, iaz mugak ixtea erabaki zutenetik eta gune horiek "esparru militartu itxiak" izendatu zituztenetik.

1.500 matxino eraman egin dituzte

Bien bitartean, 1.500 bat matxino eraman egin dituzte Deraa hiritik: "2.200 lagun zeramatzan 45 bat autobus irten dira, tartean 1.500 borrokalarirekin, Deraatik, alegia, Fronte al Nusra kontrolatzen dituen lurraldeetatik", esan dute iturri militar errusiar batzuek; ibilgailuak Idlibera doaz.

Talde armatuek, azken bi asteotan, 26 tanke eta ehunka su-arma eman dizkiete Siriako indarrei, adiskidetze-prozesuaren testuinguruan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gerra Siria Estatu Islamikoa Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Siriar errefuxiatuak Europan bideoak Siria gaur Ekialde Hurbila gaur