Mundua -
Kuba
Jabetza pribatua eta ezkontza homosexuala Kubako Konstituzio berrian egon litezke
Biltzar Nazionaleko diputatuak (guztira 600 baino gehiago dira) larunbatean hasi dira eztabaidatzen aurreproiektua, eta astelehenera arte jarraituko dute horrela.
EFE
Kubako Konstituzio berrian, jabetza pribatua aurreikusten duen sozialismo jasangarria (Raul Castrok azken hamarkadan bultzatutako erreforma ekonomikoetan oinarrituta dago sozialismo jasangarri hori) eta ezkontza homosexuala egon litezke; halaber, komunismo hitza baztertuko lukete, besteak beste.
Herri Agintearen Biltzar Nazionaleko diputatuak (guztira 600 baino gehiago dira) larunbatean hasi dira eztabaidatzen aurreproiektuaren gainean, Habanan, eta astelehenera arte jarraituko dute berdin. Guztira, Konstituzio berriak 224 artikulu ditu, eta honela daude banatuta artikulu horiek: 11 titulutan, 24 atalburutan eta 16 ataletan. Aukera handia dago diputatuek astelehenean onartzeko aurreproiektua, baina gerora, oraindik, herri-kontsulta bat egin beharko dute, eta azkenik erreferendum bat ere bai, herritarrek Lege Nagusi berria indarrean sartzea onartzea xede.
Eztabaidatzen ari diren aurreproiektuak orain arteko Konstituzioaren 113 artikulu aldatzen ditu, 87 gehitu eta 11 kendu (indarrean dagoen Konstituzioa 1976koa da). Helburua da testu berria Kubako errealitatea ekonomiko, politiko eta soziala kontuan izanik moldatzea, bai eta nazioarte-mailako egoera kontuan izanik ere; hala zehaztu du, herrialdeko telebista publikoak emandako hitzaldi batean, Homero Acosta Estatu Kontseiluko idazkariak.
"Gizarte komunistarako aurreratzea"ren ordez, "sozialismoa"
Ekonomia-arloan, konstituziozko proposamen berriak "sozialismo" hitza aipatzen du, Estatu-politikaz hitz egiten duenean; orain arteko testuan, aldiz, 5. artikuluan, "gizarte komunistarako aurreratzea" zehazten du.
Gainera, hizpide duten Konstituzio berriaren 21. artikuluak "beste jabetza-modu batzuk" ere onartzen ditu; adibidez, kooperatiboa, jabetza mistoa eta jabetza pribatua. Hori ere aldaketa da, 1976ko dokumentuarekin alderatuta; izan ere, duela 42 urte onartutako testuak estatu-jabetza eta nekazaritza eta abeltzaintzako kooperatiboa bakarrik aurreikusten ditu.
Politikari dagokionez, Konstituzio berriak "sistema politiko eta sozialaren izaera sozialista"ri eusten dio; sistema horrek Kubako Alderdi Komunistaren agintea onartzen du, "goreneko aginte-indar bezala". Alderdi hori da legezkoa den bakarra, herrialdean.
Aurreproiektuak dituen bi proposamen garrantzitsuenak hauek dira: Errepublikako presidentearen figura sortuko dela (kargua bere gain hartzean 60 urte baino gutxiago izan beharko ditu, eta gehienez jota hamarkada bat egon ahalko da agintean), eta lehen ministroa egongo dela, Ministroen Kontseiluko buru izateko (Estatuko organo exekutibo nagusia da Ministroen Kontseilua).
Beste definizio bat, ezkontzarako
Gizarte-arloari dagokionez, nabarmentzekoa da ezkontzak beste definizio bat izango duela, aurrerantzean; hain zuzen ere, "bi lagunen arteko bat-egitea" izango da, hemendik aurrera. Horrek aukera emango lioke berdintasunezko bat-egiteari, Konstituzioan sartzeko; herrialdean, behin eta berriz eskatu izan dute hori.
Estatuak laikoa izaten jarraituko du, eta erlijio-askatasuna berresten dute. Azken urteotan, horrek hainbat eta hainbat kritika jaso ditu; izan ere, zenbait disidenteren eta atzerriko erakunderen iritziz, kultu-eskubidea zapaltzen du.