Mundua -

THAILANDIA

Thailandiako kobatik erreskatatutako 12 haurrak eta begiralea ospitaletik irten dira

Sendagiria jasota etxerako bidea egingo dute. Aurrez, beren bizipenak kontatu dituzte kazetarien aurrean. Esan dutenez, hormetako ura edanez biziraun zuten, eta zuloa eginez ihes egiten saiatu ziren.

Thailandiako kobazuloan harrapatuta egon diren 12 haurrak eta haien begiralea. Argazkia: EFE
Thailandiako kobazuloan harrapatuta egon diren 12 haurrak eta haien begiralea. Argazkia: EFE
Thailandiako koba batetik erreskatatutako haurrak ospitaletik irten dira

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Thailandiako kobazulo batean 18 egunez harrapatuta egon ostean onik erreskatatu zituzten 12 haurrak eta haien begiralea asteazken honetan ospitaletik atera dira, sendagiria jaso ostean. Ekapol Chantawong monitoreak azaldu duenez, erreskate taldeek aurkitu zituzten arte kobazuloko hormetatik zerion ura edanez biziraun zuten. Halaber, zuloa eginez ihes egiten saiatu ziren.

Ospitaletik atera berritan eta etxerako bidea hartu aurretik, beren bizipenak kontatu dituzte ikusmina piztu duen prentsaurreko batean.

Taldeko entrenatzaileak kontatu duenez, esperientzia honetatik ikasi dutena da "kontu" gehiagorekin aritu behar dutela eta ekintzak "berrikusi" egin behar direla. Bere testigantzaren arabera, hasieran, zulo bat egiten ahalegindu ziren eta txandaka aritu ziren lanean; gerora, paretetatik behera zetorren eta "garbia" zirudien ura edaten hasi ziren.

Esperientziaz galdetuta, haurretako batek egin ahal ezin zituen etxerako lanengatik "kezkatuta" zegoela azaldu du. Beste batek, ostera, egiten diren gauzei arreta eskaini behar zaiela kontatu du. Bestalde, espedizioko txikienak bizitza "baloratzen" ikasi duela nabarmendu du.

Bestalde, erreskate lanetan itota hil zen Saman Kunan urpekaria gogoan izan dute. 12 haurrak eta haien begiralea zeuden ganberatik itzultzen ari zela oxigeno gabe gelditu eta hil egin zen. "Bere heriotzaren errudun sentitzen gara", esan du entrenatzaileak.

Erreskatea hiru ekinalditan egin zuten eta uztailaren 10ean atera zituzten azken lau haurrak eta begiralea haitzulotik. Ekainaren 23tik gelditu ziren harrapatuta Tham Luang kobazuloan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Asia albisteak Zer gertatu da Thailandian?