Mundua -
'Brexit'aren osteko aroa
'Brexit' samurrarekin merkataritza itunik ez legokeela ohartarazi dio Trumpek Mayri
Presidente estatubatuarraren esanetan, egungo 'brexit'aren planak balizko akordioa baztertuko luke, eta horrek esan nahi du AEBk EB lehenetsiko luketela akordioak egiteko, Erresuma Batua beharrean.
agentziak | erredakzioa
Donald Trump AEBko presidenteak Theresa Mayri atzo, osteguna, ohartarazi zionaren arabera, "litekeena da" bi herrialdeen arteko merkataritza itunik ez egotea, gaur egungo brexitaren planak aurrera jarraitzekotan.
The Sun egunkariak egindako elkarrizketa batean, Trumpek esan du brexit samurra burutzeko Mayren asmoak balizko ituna baztertuko lukeela, eta horrek esan nahi du AEBk EB lehenetsiko luketela akordioak egiteko, Erresuma Batua beharrean.
Hala, Mayk AEBrekin merkataritza libreko ituna egitearen alde egin du bart, Blenheim Trumpekin eta horren emaztearekin -Melania- egindako afari batean.
Gobernu britainiarrak brexitaren Liburu Zuria Bruselara igorri eta horrek bi ministroren dimisioa eragin ostean, tartean Boris Johnson Kanpo Arazoetarako ministro ohiarena, Trumpek Johnson babestu zuen. Ministro ohiaren ustean, Erresuma Batua EBren menpe geratuko litzateke planak aurrera jarraituz gero.
Trumpek elkarrizketan gaineratu zuenez, Johnson, bere "laguna, lehen ministro bikaina" izango litzateke eta kargua izateko "behar den guztia" baduela esan zuen.
Checkerseko akordioaren arabera (aurreko ostiralean sinatu zen, EBrekin merkataritza libreko harremana bermatuko luke EBrekin) "Europar Batasunarekin negoziatu beharko lukete (AEBk), Erresuma Batuarekin beharrean, hori dela eta, balizko ituna egiteko aukera hilko luke", adierazi zuen.
Trumpen esanetan, berak azaldu zion Mayri nola garatu EBtik alde egiteko plana, baina "bera ez zegoen ados; ez zidan kasurik egin".