Mundua -

UZTAILAREN 11N ETA 12AN

NATOren bilera Bruselan, gastu militarra handitzeko eskaera mahai gainean dela

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente berriak lehen aldiz hartuko du parte Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea osatzen duten herrialdeetako estatuburuen eta gobernuburuen batzarrean.

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia eta Donald Trump Bruselan. Argazkia: EFE
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia eta Donald Trump Bruselan. Argazkia: EFE
Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia eta Donald Trump Bruselan. Argazkia: EFE

AGENTZIA | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aliantza Atlantikoa (NATO) osatzen duten herrialdeetako buruzagiek goi-bilera egingo dute gaur-biharretan Bruselan, gastu militarra handitzeko Donald Trump AEBko presidenteak egindako eskaera mahai gainean dutela. Aliantzaren bilera batean gastu militarra handitzea erabaki bazuten ere, zenbait herrialdek ez dute adostutakoa bete, eta horixe bera aurpegiratuko die Trumpek.

Trumpen eskakizunek goi-bileran jorratuko diren beste gaiak itzalpean uzteko arriskua badago ere, Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusia baikor agertu da eta "emaitzak" lortuko dituztela uste du. Politikari norvegiarrak azpimarratu duenez, aldeen arteko desadostasunek ez dute zertan eragin negatiboa izan erakundean. Are gehiago, oinarrizko gaietan akordioak lortzeko gai izango direla iritzi dio.

Goi-bileraren aurreko egunetan, Trumpek behin baino gehiagotan agertu du bere haserrea Aliantzaren finantziazioarekin. Haren esanetan, AEBren ekarpena handiegia da Europako bazkideek eta Kanadak egiten dutenarekin alderatuta. Ildo horretan, onartutako helburua betetzea eskatzen die, hots, 2024rako barne produktu gordinaren % 2 gastu militarrera bideratzea. 2014an adostutako helburu horrekin krisi ekonomikoaren garaian izan ziren murrizketekin amaitu nahi zuten. Dena den, Europako iturrien esanetan, adostutako helburua "gidalerro politikoa" baino ez da; alegia, ez da loteslea. Trump, ordea, ez dago ados interpretazio horrekin.

Gaur egun, Europako herrialdeen artean Greziak, Erresuma Batuak, Estoniak eta Letoniak soilik betetzen dute % 2ko helburua, eta 2024rako 15 herrialdek lortuko dute, herrialdeek aurkeztutako planen arabera. Stoltenbergek adierazi duenez, Europako aliatu guztiek eta Kanadak aurreikuspenak betetzen badituzte NATOk 266.000 milioi dolar gehiago izango ditu defentsan gastatzeko.

Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidente berriak lehen aldiz hartuko du parte Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea osatzen duten herrialdeetako estatuburuen eta gobernuburuen batzarrean. Espainiak ez du oraingoz gastu militarrerako helburu hori betetzeko bere asmoen berri eman. Dena den, Maria Dolores de Cospedal Defentsa ministro ohiak adierazi zuenez, Espainia % 1,53ra iritsiko da 2024an.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioarteko albisteak Brusela bideoak Ameriketako Estatu Batuak NATO Pedro Sánchez Eguneko albisteak Eguneko albisteak Donald Trump