Mundua -
Hiru aste harrapatuta
Thailandiako kobazuloan harrapatutako 12 umeak eta begiralea salbu daude jadanik
Erreskateak iraun duen egun luzeean adingabeekin izan diren hiru urpekariak eta medikua ere atera dira leizetik.
agentziak
Azken lau haurrak eta begiralea kobazulotik atera dituzte astearte honetan, Thailandiako Armadaren SEALak jakitera eman duenez. Thailandiako iparraldean bi aste harrapaturik eman dituzte.
Aurreneko lau adingabeak igandean erreskatatu zituzten. Astelehenean beste lau ume atera zituzten kobazulotik.
Egun luze hauetan hamabi ume horiekin eta haien monitorearekin batera izan diren hiru urpekariak eta medikua ere atera dira kobazulotik. Beraz, erreskate-lanak amaitutzat eman dituzte.
18 kidez osatutako nazioarteko urpekari taldea kobazuloan sartu da goizean goiz, falta ziren pertsona guztiekin itzultzeko asmoz. Horiez gain, mediku bat eta hiru soldadu ere badaude barruan, laguntzera geratu baitira, operatiboen bozeramale batek azaldu duenez.
Taldea lau kilometro baino gehiagoko dituen kobazulo batean geratu zen harrapatuta ekainak 23an, eta haraino heltzeko labirinto itxurako pasabideetatik igaro behar da, horietako batzuk urez beteta daude eta beste batzuetan gorabehera handiak.
Bestalde, aurreko egunetan erreskatatutako zortzi umeak arazorik gabe ari dira "osatzen" eta ez dute eragozpen handirik izango, herrialdeko osasun agintariek gaur, asteartea, baieztatu dutenez.
Medikuek umeen odola eta birikiak aztertu dituzte, umeak seruma hartzen ari dira defentsak hobetzeko eta, gainera, hainbat txerto jarri dizkiete, Jetsada Chokedamrongsuk Osasun Publikorako idazkariak prentsaurreko batean esan duenaren arabera.
Adingabeak erreskatatu ostean -lau igandean eta beste lau astelehenean- Chiang Raiko ospitalera eraman zituzten, arreta medikua jasotzeko. Chiang Rai probintziako hiriburua da eta kobazulotik hurbil dago.
Igandean erreskatatuetako bik gorabehera txikiak izan dituzte arnasketan, hori dela eta, medikuek uste dute neumonia hasiberria dutela.
Lehen laurek hipotemia zantzuak zituzten, kobazuloan eta kanpora irteteko igaro behar izan dituzten pasabideetan izan dituzten baldintza gogorrengatik.
"Umeak janari xamurrak hartzen ari dira, digestio arinekoak", esan du Ketsada doktoreak, gazteek pisua galdu dutela nabarmendu ostean.
Gainera, ez daukate sukarrik eta tratamendu psikologikoa jasotzen ari dira. Medikuaren esanetan, zortziek beste astebete gehiago emango dute ospitalean gutxienez.
Erreskatatutako umeek ezin izan dute haien senideekin egon, eta kristal baten atzetik ikusi ahal izan dute, kutsatzeko aukera ez izateko, defentsak oso ahul baitituzte.