Mundua -
Brasil
Lehia judiziala Brasilen, Lula da Silva presidente ohia aske uzteagatik
Rogerio Favreto epaileak 'habeas corpus' bat eman dio, eta neurria 'larrialdiko' erregimenean betetzea eskatu du. Ordu batzuk geroago, epaile izapidegileak bertan behera utzi du agindua.
Agentziak | Erredakzioa
Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidente ohia kartzelatik ateratzea agindu du Rogerio Favreto epaileak igande honetan. Lula da Silvari hamabi urteko kartzela-zigorra ezarri zioten, eta apirilaren 7tik zegoen preso.
"Larrialdiko erregimenean bete behar da kartzelatik ateratzeko agindua Curitibako Polizia Federalaren egoitzako edozein poliziari ordena aurkeztu bezain laster, Da Silva bertan preso baitago", adierazi du Favretok autoan.
Lulari Sergio Moro epaile federalak eta eskualdeko auzitegi batek ezarri zioten hamabi urteko kartzela-zigorra, ustelkeria pasiboa eta dirua zuritzea leporatuta, Sao Paulon luxuzko hiru solairuko etxe handi bat onartzeagatik, OAS eraikitzaileak eginda ondainketa modura, mesede politikoen truke.
Buruzagi sindikal ohiak bigarren instantzia agortu du ia, eta goi auzitegietara jotzea besterik ez zaio geratzen (Auzitegi Gorena eta Konstituzionala) zigorra leheneratzeko. Behin irmoa izanda, epaiak urriaren 7ko eta 28ko presidentetzarako hauteskundeetan parte hartzea ekidingo dio.
Ordura arte, Lulak izena ematen saiatu ahalko du, eta ahalbidetu ezean, Hauteskunde Auzitegira joateko aukera izango du, hark erabaki dezan. Hautagai estatusa lortuz gero, prozesu judizialak bere bidea jarraituko luke. Eta, azkenean, Justiziak arrazoia Morori emanez gero, jasotako botoak deuseztatuko lirateke.
Ordu batzuk geroago, Joao Pedro Gebran Neto 'Lava Jato' ustelkeria kasuaren epaile izapidegileak bertan behera utzi du Lula da Silva presinde ohia askatzeko agindua.
Gebran Neto 4. Esukaldeko Auzitegi Federaleko epaileak baliogabetu egin du Rogerio Favreto epaile federalak emandako agindua, beraz, Lula Curitibako Polizia Federalaren intendentzian egongo da.
Epaile izapidegileak azaldu du ez dagoela presidente ohia aske uzteko erabakia justifikatzen duen arrazoirik, eta "prozesu honetarako epaile naturala" bera dela nabarmendu du. "Agintari eskudunak eta Paranako Polizia Federalak epaileen erabakia aldatzen duen edozein ekintza gauzatzea ekidin behar dute", adierazi du.