Mundua -

Thailandia

Thailandiak astelehenera arte eten du erreskatea, lau ume atera dituztela baieztatuta

Erreskate taldeko bozeramaileak azaldu duenez, ibilbidean jarritako aire konprimatudun bonbonak berritu behar dituzte, operatiboaren fase berria ebaluatzeaz gain.

Thailandiako haurren erreskatea. EFE
Thailandiako haurren erreskatea. EFE
Lau ume atera dituzte leizetik, eta erreskateak astelehenean jarraituko du

0:55

Agentziak | Erreskatea

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Salbamendu-taldeak astelehenera arte eten du Tailandia iparraldeko leize batean bi aste harrapatuta daramatzaten pertsonen erreskatea. Oraingoz baieztatutakoaren arabera, lau mutil atera dituzte.

Narongsak Ossottanakorn erreskate talde bozeramailearen esanetan, ibilbidean dauden aire konprimatudun bonbonak berritzeaz gain, operatiboaren fase berria ebaluatu behar dute. Bihar ekingo diote berriz lanari.

Gaur abiatu dute Thailandiako leize batean bi aste harrapatuta daramatzaten 13 pertsonak erreskatatzeko misioa, agintariek jakinarazi dutenez.

Atzerriko 13 urpekari eta Thailandiako itsas armadako (Navy SEALS) bost kide ari dira umeak handik ateratzen saiatzen, ia ikusten ez diren eta urpean dauden pasabide estuetatik. Aste honetan, itsas armako kide bat hil zen han zebilela.

"Gaur goizeko 10:00etan 13 urpekari aditu eta itsas armadako bost kide sartu dira leizean", iragarri du Narongsak Osottanakorn misioaren buruak.

Erreskate taldeko kideek leize barruan igeri egiten erakutsi diete umeei. Banan-banan atera beharko dute, bina urpekariren laguntzarekin.

Azken egunotan, urpekariek sei ordu eman dituzte urak hartutako pasabideak igarotzen hamabi umeak eta entrenatzailea dauden tokira iristeko, eta beste bost bueltatzeko.

Kobaren kanpoaldean, kanpaina ospitale bat ez ezik, hamahiru anbulantzia eta helikoptero daude haien zain. Misioaren arduradunak larunbatean ohartarazi zuenez, "denbora-mugatua" dute 13 pertsonak handik ateratzeko.

Tham Luang leizera ibilaldia

Umeetako baten urtebetetzea ospatzeko Thuam Luang kobara irteera egitea erabaki zuten; txango gisa hasi zena, ordea, herrialdean inoiz egin behar izan duten erreskate zailenetakoa bihurtu da.

"Unerik zailena berriz euria egiten duenean iritsiko da, denbora mugatua baita", azaldu du Osottanakornek. Arriskua ahalik eta gehien gutxitzea dela asmoa ere argitu du. Besteak beste, kezkatuta agertu da leizearen barruan oxigeno maila gutxitu daitekeelako.

Erreskatea egiteko hainbat aukera aztertu dituzte. Batetik, harrapatuta dauden gazteei hainbat hilabetez bizirauteko oxigenoa eta janaria ematea, Thailandiako euri-denboraldia amaitu arte. Bestetik, koban sartzen den baltsa bat eraikitzea ere pentsatu dute, handik ateratzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Albisteak Gaur Eguneko albisteak Asia Thailandia