Mundua -
Tham Luang
Urpekari bat hil da umeak Thailandiako kobazulotik ateratzeko lanetan
Itsas Armadako elite taldeko kide ohia oxigeno barik geratu da umeak dauden ganberatik bueltan zegoela. Horren heriotzak argi utzi du zein zailak izango diren erreskate-lanak, agintarien esanetan.
agentziak | erredakzioa
Thailandiako kobazuloan harrapatuta dauden 12 umeak eta haien entrenatzailea ateratzeko erreskate lanetan ziharduen urpekari bat hil da, itota, agintariek baieztatu dutenez.
Biktima Itsas Armadako elite taldeko kide ohia zen, 38 urte zituen eta Samarn Kunan zuen izena. Oxigeno barik geratu zen ostegunean, umeak dauden ganberatik itzultzen ari zela.
"Urpekari profesional horren heriotzak erreskate lanen zailtasuna erakusten du (…) Heriotza gorabehera ez dugu taldea ateratzeko lanetan etenik egingo", esan zuen Passkorn Boonyaluck Chiang Rai probintziako gobernadoreordeak (kobazuloa bertan dago).
Hildakoa behin-behineko kanpalekurako bidean zegoen. Umeak hortik 1,7 kilometrora daude. Aire konprimituko bonbonak utzi zituen umeen ganberan, eta itzultzen ari zenean hil zen, oxigeno barik geratu ondoren.
Osasun langileak hura suspertzen saiatu ziren, baina ezin izan zuten bere onera ekarri, eta urpekariaren heriotza baieztatu besterik ezin izan zuten egin.
Hildakoaren gorpua Sattahip hirira eramango dute, eta bertan egingo dute haren aldeko hileta elizkizuna.
Umeak dauden kobazuloko oxigeno maila % 50 murriztu da, agintariek gaur esan dutenez, eta erreserbak handitzea dute orain helburu nagusi.
Erreskate taldeak bi aukera aztertzen ari dira umeak ateratzeko: urak hartutako pasabideetatik igaro edo mendian leku bat topatu helikoptero baten laguntzarekin ateratzeko.
Umeak argaldu egin dira, baina animatuta eta onik daude. Hamar bat militar ari dira haiek artatzen, mediku bat eta psikologo bat tartean.
Umeak ekainaren 23an sartu ziren kobazuloan haien entrenatzailearekin, entrenamendu-saioa egin ostean, eta, halako batean, ekaitz handi bat izan zen, eta ur-mailak gora egin zuen kobazuloan, eta, ondorioz, irteera blokeatu zien.