Mundua -
Australia
Urtebeteko zigorra Australiako artzapezpiku ohi batentzat, pederastia ezkutatzeagatik
Philip Wilson errudun jo zuen epaileak maiatzean, 1970eko hamarkadan bi meza-laguntzaileren kontra James Fletcher apaizak egin zituen sexu-abusuen berri ez emateagatik Poliziari.
Agentziak | Erredakzioa
Australiako auzitegi batek urtebeteko kartzela-zigorra ezarri dio Philip Wilson Adelaidako (Australia) artzapezpiku ohiari. Epaileak errudun jo zuen maiatzean, 1970eko hamarkadan pederastia kasuak ezkutatzea leporatuta.
Newcastle hiriko auzitegiko Robert Stone magistratuaren epaiaren arabera, 67 urteko artzapezpiku ohiak ezingo du baldintzapeko askatasuna eskatu zigorraren erdia bete arte. Halere, iturri judizialek ez dute argitu kartzelan sartuko den ala ez.
Epaileak abuztuan emango du Wilsonen defentsaren eskaerari buruzko epaia; izan ere, atxiloaldia etxean bete ahal izatea eskatu zuen. Orain arte pederastia kasu batean nahasita epaitu eta zigortu duten Eliza Katolikoko maila altueneko erlijiosoa da.
Philip Wilson errudun jo zuen epaileak maiatzean, 1970eko hamarkadan bi meza-laguntzaileren kontra James Patrick Fletcher apaizak egin zituen sexu-abusuen berri ez emateagatik Poliziari. Fletcher 2006an hil zen, espetxean, zigorra betetzen ari zela.
Errudun jo eta gero, biharamunean, Wilsonek Adelaidako artzapezpiku izateari utzi zion.
Prozesuan zehar, diabetesa, Alzheimerra eta bihotzeko arazoak zituela argudiatu zuten Wilsonen abokatuek, delitu hori dela eta ezar daitekeen zigor handiena (bi urteko kartzela zigorra) ezartzea ekiditeko.