Mundua -
Migrazioa
Europarako bidean zeuden 115 migratzaile hartu dituzte Libiako patruilariek
Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen arabera, 3.000 lagunetik gora hil ziren iaz Mediterraneo itsasoan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Libiako patruilariek 115 pertsona geldiarazi dituzte Mediterraneoan, Libiako hondartzetatik irtendako ontzi batean Europara heltzen saiatzen zirenean, Ayub Qasem Libiako Kostaldeko Zaintzaren bozeramaileak jakitera eman duenez. Ontzia bart atzeman zuten, Sarman hiriko kostalde parean, Tripolitik mendebaldera.
"Ia guztiak Saharaz hegoaldeko herrialdeetatik datoz; Tripolitik gertu dagoen egoitza batera eraman dituzte, eta handik, harrera-zentroetara", zehaztu du Ayubek.
Tripoli eta Tunisiako mugaren arteko hondartzak pertsonen trafikoan diharduten mafien esparru bihurtu dira azken bi urteetan, Europako patruilariak gorabehera.
OIM Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen arabera, 171.635 pertsonak lortu zuten 2017an Europara heltzea, eta 3.000 lagunetik gora hil ziren Mediterraneo itsasoan.
Astebetean, Libiako patruilariek 1.200 migratzaile inguru hartu dituzte herrialdearen mendebaldeko kostalde parean.