Mundua -

NIKARAGUA

285 pertsona hil dira Nikaraguako Gobernuaren aurkako protestetan

Daniel Ortega presidenteak gizarte segurantzaren arloan ezarritako neurrien kontra abiatu zituzten protestak herritarrek apirilean, eta Nikaraguako Gobernuaren erantzuna errepresio gogorra izan da.

Nikaraguan izan diren protesten irudi bat. Argazkia: EFE.
Nikaraguan izan diren protesten irudi bat. Argazkia: EFE.
Nikaraguan izan diren protesten irudi bat. Argazkia: EFE.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gutxienez 285 pertsona hil dira eta 2.500 inguru zauritu Nikaraguan azken hilabeteotan, Daniel Ortegaren Gobernuaren errepresioaren ondorioz, Giza Eskubideen Aldeko Nikaraguako Elkarteak txosten batean jaso duenez.

Joan den apirilean abiatu ziren protestak Nikaraguan, bertako Gobernuak gizarte segurantzaren arloan ezarritako neurrien kontra. Milaka herritar atera dira kalera azken hilabeteotan, Ortega presidentea kargutik kentzeko eskatuz.

Gobernuz kanpoko erakundeak kaleratu berri duen txostenaren arabera, hildakoen artean 20 bat adin txikiko daude, beste horrenbeste polizia eta kazetari bat, besteak beste.

Manifestarien kontra neurri gogorrekin erantzun du Nikaraguako Gobernuak, eta Giza Eskubideen Aldeko Nikaraguako Elkartearen arabera, "errepresio egoeran bizi da herrialde osoa gaur egun".

Protesta gogorrenak Managuan izan dira, eta 145 pertsona hil dira departamentu horretan.

Txostenak jasotzen duenez, "Nikaraguako Gobernuak bere indar paramilitarrak erabili ditu, legearen kontrako ekintzak egiteko; torturak eta hilketak, tartean".

"Modu baketsuan protestan ari diren herritarren aurka frankotiratzaileak bidali ditu Nikaraguako Gobernuak", dio Giza Eskubideen Aldeko elkarteak.

Egunik odoltsuena apirilaren 20a izan zela adierazten du txostenak. 23 pertsona hil zituen Nikaraguako Poliziak egun horretan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Eguneko albisteak Albisteak Nikaragua