Mundua -
Migrazio-krisia
Italiak nazioarteko eskubidea betetzen ez duela salatu du Lifeline GKEren ontziak
Alemaniako erakundeak salatu du Italiak ez diela lehorreratzen uzten, 'bere portuak gertuen daudenak izan arren'. Ontziak hiru egun baino gehiago daramatza Mediterraneoan, 230 migratzailerekin.
Agentziak | Erredakzioa
Lifeline Alemaniako GKEren ontziak hiru egun baino gehiago daramatza Mediterraneoan, Maltatik gertu, 230 migratzailerekin, eta Italiak nazioarteko eskubidea betetzen ez duela salatu du, lehorreratzen uzten ez diolako, nahiz eta "gertuen dauden portuak izan".
Axel Steier erakundeko bozeramaileak azaldu duenez, "Italia egoera txarrean jarri da". Halaber, Mediterraneoan salbatutako migranteak dituzten GKEei sartzea galarazten jarraituz gero, nazioarteko eskubidearen bitartez presioa egin beharko dutela adierazi du, besteak beste, Nazio Batuen Errefuxiatu Agentziara joz.
Egoeraren balantzea egin du, ontziak 72 ordu baino gehiagoz itxaron ostean Europako herrialderen batek baimena ematea, portu seguru batean lehorreratzeko. "Jendea lasai dago", esan du, eta non lehorreratuko duten galdetzen du. Itsasontzian dauden boluntarioek ez dakitela erantzuten diote.
"Urak lasai egon eta elikagaiak ditugun bitartean itxaroten jarraitu dezakegu", azaldu du.
Halaber, azaldu du "Maltako agintariek ez dutela bisitarik onartzen", hau da, ez dute uzten beste GKE batzuk gerturatzea elikagaiak ematera, beraz, Sea-Eye eta Sea-Watch erakundeak azken orduetan Maltako ontzidiari eman dizkiote zuzenean, geroago horrek Lifeline taldeari emateko.