Mundua -

ANALISIA

Hauteskundeak Turkian: Oposizioa inoiz baino batuago Erdoganen aurka

Inkesten arabera, Erdoganek irabaziko du, baina oposizioa inoiz baino batuago dago eta bigarren itzuli batean Erdogan ez den hautagaiari emango lioke babesa.

Recep Tayyip Erdogan, Turkiako presidentea, mitin batean. Argazkia: EFE
Recep Tayyip Erdogan, Turkiako presidentea, mitin batean. Argazkia: EFE
Recep Tayyip Erdogan, Turkiako presidentea, mitin batean. Argazkia: EFE

Imanol Butron Alonso (*)

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2019ko azaroan Turkian egin behar zituzten Presidentetzarako hauteskundeak 2018ko ekainaren 24ra aurreratu zituen apirilean Recep Tayyip Erdogan presidente turkiarrak. Asteburu honetan egingo dituzte, beraz, eta bere ibilbide luzeko erabakigarrienak izango dira.

Turkiako presidenteak ez du hautaketa bat ere galdu Justizia eta Garapenaren Alderdia 2002. urteko azaroan boterera heldu zenetik. Hala ere, baliteke asteburu honetako hauteskundeek arriskuan jartzea horren jarraipena.

Turkiako dirua debaluatu izanak eta, ondorioz, Turkiako ekonomia moteldu izanak eta inoiz baino batuago eta indartsuago dagoen oposizioaren onarpen-maila handitu izanak baliteke agintean 5 urte gehiago emateko gogoa eta hauteskunde ostean jaso beharreko botere legegile handiekin gozatzeko aukera zapuztea.

Lira turkiarrak galera handiak

Lira turkiarra ez dago bere unerik onenean, eta duela bi urtetik hona debaluatu besterik ez da egin. Horrela, bere balioaren % 15 galdu du urte hasieratik euroaren eta dolarraren aurrean.

Erdogan inkestetan nagusi bada ere, urrun du lehen itzulian garaipena lortzeko aukera.

Herriaren Alderdi Errepublikanoak (CHP), oposizioko alderdi nagusia Turkian, eta beste hiru alderdik (IYI zentro-eskuineko alderdi berria, Saadet alderdi islamista moderatua eta Alderdi Demokrata alderdi kontserbadore liberala) hauteskundeetan aliantza bat egitea erabaki dute.

Azken urteetan oposizioaren zati handi bat batzeko sortu den lehen koalizioa da, nahiz eta kanpoan geratu den Herrien Alderdi Demokratikoa (alderdi ezkertiarra eta kurduen aldekoa), Turkiako Parlamentuan hirugarren alderdi handiena dena (59 aulki ditu).

Bigarren itzuli batera joan behar izanez gero, egoera are interesgarriago ipiniko litzateke, koalizioa sortu duten alderdiek Erdogan ez den hautagaia babestea adostu baitute, hautagai hori edozein dela ere.

Erdoganen alderdiak, bere aldetik, hauteskundeei begira, aliantza egin du Akzio Nazionalista Alderdiarekin (MHP). Galdeketen arabera, botoen % 40 lortuko dituzte legegintzarako hauteskundeetan.

 

(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Nazioartea Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Turkia berriak Hauteskundeak gaur Asia albisteak