Mundua -
Krisia
Nikaraguako indarkeria politikoa ikertzeko batzordea osatzea eskatu du NBEk
Daniel Ortegaren Gobernuaren aurkako protestetan, 178 pertsona hil eta 1.500 zauritu dira azken hilabeteotan.
Agentziak | Erredakzioa
Nikaraguako Gobernuaren aurkako protesten inguruko indarkeria politikoa ikertzeko nazioarteko batzordea osatzea eskatu du Zeid Ra'ad al Hussein Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideetarako goi mandatariak. Orain arte 178 pertsona hil dira liskarren ondorioz.
Goi mandatariak gaiari buruzko txosten orokorra aurkeztu du NBEko Giza Eskubideen Batzordearen hasiera ekitaldian, Genevan. Horren arabera, "Nikaraguako biktimak Poliziaren edo Gobernuaren aldeko taldeen erasoek eragin dituzte".
Azken hilabeteotan Nikaraguan izandako ekintza bortitzetan, gainera, 1.500 pertsona baino gehiago zauritu dira, horren hitzetan.
Zaurituez eta hildakoez gain, zehaztu gabeko hainbat "bahiketa eta desagerpen" kontuan hartu behar direla esan du. Bestalde, orain dela bi egun apropos eragindako sutea gaitzetsi du, besteak beste.
NBEko goi mandatariaren esanetan, ekainaren 15ean Gobernuaren eta oposizioaren arteko elkarrizketak berriz abiatu ostean hartutako konpromisoak errespetatzeko eskatu du, "indarkeria eta mehatxuak erabat geldiaraztea", adibidez.
Orain arte egindako eskariek erantzunik ez dutela jaso ikusita, NBEko Giza Eskubideetarako Goi Mandatariaren Bulegoak berriro egin dio eskaria Daniel Ortegaren Gobernuari.
1980tik herrialdeak bizitako krisi politiko larriena jasaten ari da Nikaragua. Orduan ere, Ortega zen presidentea.