Mundua -

Krisia

Familia bat kiskalita hil da Nikaraguako protestetan

Beste bi pertsona hil eta erre dituzte egunean zehar, leku beretik gertu, Nikaraguan izaten ari den krisiko egunik gogorrenetariko batean.

Nikaraguan su hartu duen etxea. Argazkia: EFE
Nikaraguan su hartu duen etxea. Argazkia: EFE
Nikaraguan su hartu duen etxea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Familia bateko zazpi kide, horien artean hiru adin txikiko, hil dira kiskalita, igande honetan, Managuan, Nikaraguan, sute baten ondorioz, Daniel Ortegaren Gobernuaren kontrako protesta egunik gogorrenetariko batean.

Beste bi pertsona hil eta erre dituzte egunean zehar, leku beretik gertu. Nikaraguan apirilaren 18tik krisi soziopolitiko handia bizitzen ari dira, eta dagoeneko 200 pertsona hil dira, gehienak zibilak, erakunde humanitarioen arabera.

Hiru pisuko etxebizitza bat erretzeak (koltxoi fabrika bat funtzionatzen ari zen bertan), Carlos Marx auzoan, familia bereko zazpi kide hiltzea eragin du. Helduak lekuan bertan hil dira, adingabeak, aldiz, suhiltzaileek erreskatatu dituzte, eta ospitalean hil dira.

Bertsio ezberdinak daude bizilagunen artean gertatutakoari buruz. Suhiltzaileen Zuzendaritza Nagusiak esan duenez, "delitugile txanodunek" molotov koktelak jaurti dituzte etxebizitza barrura, eta sutea eragin dute.

Senideen eta bizilagunen beste bertsio batek dio poliziak eta indar parapolizialek eragin dutela sutea, familiak frankotiradoreei etxebizitzaren goiko partea erabiltzen uzteari uko egin diolako eta etxea erretzen ari zela bertatik irteten baziren tiro egingo ziela esanez mehatxu egin zielako.

Poliziak azaldu duenez, ikertzaileen eta krimenetan adituak diren talde tekniko bat sortu du gertaerak argitzeko asmoz.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Nikaragua