Mundua -

ANALISIA

Krisia Mediterraneoan

Mateo Salviniren esanetan, Espainiaren erabaki zuzena ez da ekintza esporadiko baterako izan behar. Austriak, Italiak eta Alemaniak legez kontrako migrazioaren aurka borrokatzeko talde bat sortu dute.

Aquarius itsasontzia. Argazkia: EFE
Aquarius itsasontzia. Argazkia: EFE
Aquarius itsasontzia. Argazkia: EFE

Imanol Butron Alonso (*)

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Matteo Salvinik bere lehen “garaipena” lortu du Barne ministro bezala. Hauteskunde-kanpaina osoan eta geroago, kargu berriaren zina egin ondoren, gogor eutsi dio bere diskurtsoari, eta Italiako kostako portu guztiak erabat itxi ditu; ondorioz, SOS Mediterranée gobernuz kanpoko erakundearen Aquarius ontziak ezingo ditu Italian lehorreratu barruan daramatzan 629 etorkinak.

Italiak eta Maltak euren portuak irekitzeari uko egin ondoren, Espainiako Gobernua, Pedro Sanchezen gidaritzapean, horiek guztiak hartzeko prest agertu zen, eta Aquarius ontziak Valentziako porturantz abiatzeko agindua eman zuen. Hala ere, eguraldi txarra, etorkinen osasun egoera eta Valentziara heltzeko behar duen denbora kontuan hartuta, bidaiarietako batzuk kostazainen ontzi batera eraman zituzten, beste batzuk Italiako Armadaren ontzi batek hartu zituen, eta 100 inguru Aquarius ontzian bertan geratu ziren.

Aquarius ontziak Mediterraneoan Valentziara bidean jarraitzen duen bitartean, Sebastian Kurz Austriako kantziler federalak iragarri du boluntarioen ardatz bat osatuko duela Italiako eta Alemaniako Barne ministroekin batera, legez kanpoko migrazioaren eta errefuxiatuak Europara kontrolik gabe iristearen aurka borrokatzeko.

Honek Europar Batasuneko herrialdeen arteko tentsioa areagotu besterik ez du egin. Matteo Salvinik Italiako Senatuan egin duen azken agerraldia horren erakusgarri da. Salvinik Europar Batasunaren eta Frantziaren jarrera kritikatu du bertan, eta, bide batez, “mezua” bidali dio Espainiako Gobernuari, immigranteak hartzeko “tarte zabala” duela esanez; izan ere, “Italiak 170.000 hartu ditu jada, eta Espainiak, 16.000 baino ez”, horren esanetan.

Frantzia eta Italiaren arteko desadostasun horiek zalantzan jarri dute ostiralean Parisen Frantziako presidenteak eta Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak egin behar zuten bilera.

Herrialde bakoitzak arazo honi bere kabuz eta modu esporadikoan aurre egin beharrean, eta Mediterraneoan gaur egun dagoen egoera ikusita, Europar Batasuna lehenbailehen hasi beharko da lanean herrialde guztiek neurriak elkarrekin har ditzaten, okerrera egiten ari den arazo honi irtenbideren bat bilatzeko.

 

(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Batasun europarra Migrazioa Europa Espainia Albisteak Gaur Albisteak Italiako albisteak Espainiako mediterranear kostaldeari buruzko berriak