Mundua -
Guztira, 123 preso
Beste 43 preso aske Venezuelan, Maduroren adiskidetze plan nazionala dela eta
Asanblea Nazional Konstituziogileak Botere Judizialarekin batera kudeatu du prozesua, presidenteak "ordezko neurriak" ezartzea eskatu ostean.
agentziak | erredakzioa
43 preso gehiago aske geratu dira Venezuelan, Delcy Rodriguez Asanblea Nazional Konstituziogilearen (ANC) presidenteak iragarri duenez, Nicolas Maduro Gobernuko presidentearen adiskidetze plan nazionalaren baitan, eta baliteke orain bi aste hasi zen prozesua dagoeneko bukatuta egotea.
"Gaur 43 pertsonari ezarri zaizkie neurri horiek", esan du ANCren presidenteak, Tarek Saab fiskal nagusia eta Alfredo Ruiz herriaren defendatzailearekin batera egindako agerraldi batean.
"Burutu egin dugu eztabaida nazional handiaren mesedetan egindako aro hau", azpimarratu du Rodriguezek, aurrekoetan askatutako presoei aipamena eginez. Guztira, 123 preso askatu dituzte, ez daude guztiak "preso politikotzat" hartuak giza eskubideen aldeko organizazioen aldetik.
ANCren presidenteak gogorarazi duenez, Botere Judizialarekin batera kudeatu dute prozesua, Nicolas Maduro presidenteak "ordezko neurriak" ezartzea eskatu ostean, "indarkeria helburu politikoak lortzeko erabili zuten pertsonen" kasuetarako.
Neurrien helburua da "venezuelar guztien batasuna, birgizarteratzea eta topaketa" sustatzea, "bake, topaketa eta elkarrizketaren aldeko mezu argia" emateko aske geratu diren presoei.
Fiskal nagusiak, bestalde, azpimarratu duenaren arabera, neurriak "Botere Exekutiboak babestutako ekintzaren" ondorio dira, eta "salbuespenezko gertaera" dela esna du.