Mundua -

Diplomazia harremanak

AEB eta Ipar Koreako ordezkaritzak Singapurren bilduta, goi-bilerari begira

Trumpek gaur esan du bere ustean gauzak "oso ondo" aterako direla bihar buruzagi ipar-korearrarekin egitekoa duen goi bileran.

Buruzagi ipar-korearraren auto ofiziala, Singapurren. Argazkia: EFE
Buruzagi ipar-korearraren auto ofiziala, Singapurren. Argazkia: EFE

agentziak

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ipar Koreako ordezkaritza estatubatuarrarekin bildu da gaur, astelehena, Singapurren, bihar -ekainak12- Kim Jong-un Ipar Koreako buruzagiaren eta Donald Trump AEBko presidentearen artean egitekoa den goi-bileraren aurrean.

Mike Pompeo AEBko Estatu idazkariaren esanetan, AEBk konprometituta jarraitzen du Koreako penintsula arma nuklearrez husteko prozesu "egiaztagarria, atzeraezina eta erabatekoarekin".

"Gaur Singapurren ipar-koreako ordezkaritzarekin bilduko den Estatu Departamentuko taldearekin harro nago", esan du Pompeok Twitterren duen kontuan.

Pompeoren iritzian "esanguratsua eta zehatza" izan da Sung Filipinaseko enbaxadoreak eta Ipar Koreako goi-kargudun batzuek izan duten bilera.

Bi ordezkaritzen arteko topaketa Singapurreko Ritz-Carlton Hotelean izan da 10:00etan (hango ordua) eta bi ordu inguru iraun ditu.

Bestalde, Trumpek esan du bere ustean gauzak "oso ondo" aterako direla bihar buruzagi ipar-korearrarekin egitekoa duen goi bileran.

"Dakizunez, bilera oso interesgarria izango dugu bihar, eta uste dut dena oso ondo aterako dela", esan du Trumpek, Lee Hsien Loong Singapurreko lehen ministroarekin gosaldu baino lehen.

"Zure abegikortasuna, profesionaltasuna eta adiskidetasuna eskertzen dugu", Trumpek Lee goi bilera hartuko duen estatu-hiri horretako buruari esan dionez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Ipar Korea