Mundua -
Su-etena
Talibanek hiru eguneko su-etena iragarri dute Afganistanen
Afganistango Gobernuak aldebakarreko su-etena aurkeztu eta bi egunera iritsi da iragarpena.
Agentziak | Erredakzioa
Talibanek hiru eguneko su-etena iragarri dute Afganistanen, larunbat honetan, Eida Ramadamari amaiera jartzen dion jaiaren hasieratik, Afganistango Gobernuak aldebakarreko su-etena aurkeztu eta bi egunera.
"Mujahidin (soldadu) guztiek oposizioko indarren aurkako eraso guztiak geldiarazteko instrukzioak dituzte, Eideko lehen, bigarren eta hirugarren egunean, baina soldatuei eraso eginez gero, indarrez erantzun beharko lukete, haien buruak babestuz", esan du matxino taldeak posta elektroniko bidez zabaldutako ohar batean.
Milizianoek azaldu dutenez, atzerriko indarrak su-etenetik kanpo geratuko dira, eta haien kontrako erasoek jarraitu egingo dute, su-etena iragarrita egon arren.
"Hiru egunetan, taliban matxinoen batasuna frogan jarriko dugu", adierazi du Europako diplomazialari batek. "Hainbat taldek su-etena onartu ezean, erasoek jarraitu egingo dute", gaineratu du.
Ashraf Ghani Afganistango presidenteak talibanekin baldintzarik gabeko su-etena iragarri zuen ostegunean; ekainaren 20ra arte izango da, Ramadanaren amaierarekin bat; ez ditu beste talde matxino batzuk barnean hartzen, besteak beste, Estatu Islamikoa.
Talibanek 17 militar hil dituzte Afganistanen, su-etena iragarri baino lehen
Afganistango talibanek bertako Armada Nazionaleko 17 militar hil dituzte ostiral gauean, Heraten, Afganistan mendebaldean, mugimenduak su-etena iragarri baino ordu batzuk lehenago.
Jilani Farhad Hertaeko Gobernuko bozeramaileak esan duenez, miliziano talibanek Azizabad gunean dagoen Armadaren kontrol postuaren aurkako eraso koordinatua egin dute.