Mundua -
Quebecen (Kanada)
Trumpek abiatutako merkataritza gerra izango da hizpide nagusia G7aren goi bileran
Frantziako Ekonomia ministroak 'G6 gehi AEB' izendatu du hitzordua. Trump bilera amaitu baino lehen joango da, Etxe Zuriaren arabera.
Agentzia | Erredakzioa
Hamaika ika-mika espero dira ostiral honetan hasi eta larunbatean amaituko den G7ko goi bileran. Quebecen (Kanada) bilduko dira AEB, Alemania, Kanada, Erresuma Batua, Japonia, Frantzia eta Italia, eta batez ere, gai korapilatsu bat izango dute mahai gainean: AEBk abiatutako merkataritza gerra.
Europar Batasunari (EB), Kanadari eta Mexikori altzairuaren eta aluminioaren gaineko muga-zergak ezartzea erabaki zuen joan den astean Trumpen Gobernuak. Erantzun gisa, hiru herrialdekok AEBren kontrako neurriak iragarri zituzten. Mexikok eta EBk Nazioarteko Merkataritza Erakundean salatuko dute auzia.
Goi bileran egongo ez bada ere, Txinari ere eragin dio Trumpen oldarraldiak. Joan den astean Wilbur Ross AEBko Merkataritza idazkaria Txinako ordezkaritza batekin bildu zen jarrerak gerturatzeko. Dena dela, maiatzetik, mehatxupean du Trump Txina, eta 150.000 milioi dolarreko muga-zergak ezarriko dizkiola ohartarazi du.
Iranekin izenpetutako akordio nuklearretik ere atera dira AEB, eta erabakiak Europan ere izan du eragina. Gogor salatu dute neurria Frantziako, Alemaniako, Erresuma Batuko eta EBko ordezkariek.
Trump amaitu baino lehen joan da
Hain justu, Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia eta Finantza ministroak hitz gogorrak izan ditu AEBren kontra. G7a aipatu beharrean, "G6 gehi AEB" izendatu zuen bilera. Horren ustez, Estatu Batuen protekzionismoa "onartezina eta arriskutsua" da.
Goi bileran buruz buruko bilerak izango dira Donald Trump eta Emmanuel Macron presidenteen artean, edota Macron eta Justin Trudeauren artean. AEBko presidenteak iragarria du goi bilera amaitu baino sei ordu lehenago joango dela.
Trump, artxiboko irudi batean. Argazkia: EFE
Trumpek eta Macronek sesioa eduki zuten Twitterren, eta ondoren etorri da iragarpena.
Italia, bigarren plano batean
Bost Izarren Mugimenduaren eta Ligaren akordioari esker presidente izendatutako Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak iragarri du bigarren plano batean geratuko dela merkataritza gerraren gaian.
Karguaz jabetu berritan joango Conte bilerara, baina ohartarazpena ere bota du: "Italiak bere burua ezagutarazi behar du, eta gero, errespetua eskatu".