Mundua -
ANALISIA
Euroeszeptizismoa eta errefuxiatuen krisia, europar eskuindarraren bermeak
Finantza-krisiak, euroaren krisiak eta errefuxiatuen krisiak eskuindar mugimendu nazionalisten eta populisten igoera eragin dute.
Imanol Butron Alonso (*)
Janez Jansa Esloveniako Alderdi Demokratikoaren liderrak eta herrialdeko lehen ministro ohiak igandeko hauteskundeak irabazi zituen botoen % 25 jasota.
Emaitza horiekin, alderdiak herrialde balkanikoaren boterera iristea lortu du, baina boterean mantendu ahal izateko gobernu aliantzak beharko ditu. Beraz, alderdiaren lehenengo erronka laguntza horiek lortzea izango da. Ez da gauza erraza izango immigrazioaren arloan erabiltzen duen gogortasuna kontuan hartuz. Janez Jansarekin gobernua egin dezakeen alderdi bakarra Eslovenia Berria eskuindarra izan daiteke, baina bere laguntza ez litzateke nahikoa izango parlamentuan gehiengoa lortzeko.
Italian, bere aldetik, Gobernuak karguen zina egin du duela egun gutxi batzuk, eta Matteo Salvani Ligako lider eta Barne-arazoetarako ministro izendatu berriak immigrante irregularrak berehala kanporatzea agindu eta Europar Batasunaren babes politikak kritikatu ditu. Gainera, azken egunetan Italia Europar Batasunetik ateratzeko aukeraz hitz egin du. Izan ere, 5 Izar Mugimenduak eta Ligak Paola Savona (Italia eurotik atera nahi zuen) izendatu nahi zuten Ekonomiako ministro. Hori lortu ez izanak atzeratu egin du karguen zina.
Hala ere, immigranteen eta Europar Batasunaren kontrako joera horrek aspaldi utzi zion kontinente zaharrean nobedade izateari. Antzeko diskurtsoa duten alderdi asko dira boterea gero eta hurbilago dutenak, koalizioen edo parlamentarien bidez, baina dagoeneko agintean daude batzuk, Polonian eta Hungarian, esaterako, hauteskundeetan irabazi ondoren. Legea eta Justizia (PiS) edo Fidesz alderdiek irabazi dute bertan.
Batez ere finantza-krisiak, euroaren krisiak eta errefuxiatuen krisiak eragin dute gorakada hori. Gainera, Cas Mudde politologoaren esanetan, alderdi tradizionalen gainbeherak eragin handia izan du igoera horretan, espazio politikoa zatitzeak atea ireki dielako alderdi populistei, eta, gehiengoa izan ez arren, influentzia handia lortu dute.
Horren erakusgarri da azken urteetako kontsultetan alderdi horiek, batez beste, botoen % 20 lortu dituztela, Bigarren Mundu Gerratik lortu dituzten emaitzarik onenak.
Alarma Europar Batasunean
Europar Batasunaren krisialdi honen aurrean, Europako Kultur Foroak aditu eta intelektual talde bat bildu du Europar Batasunerako komunikazio estrategiak aztertu eta lantzeko.
Lau egunetan, eta datorren urtean Europan hauteskundeak izango direla kontuan izanda, eztabaida-saioak egin dituzte Amsterdamen, Europako egonkortasuna kolokan jartzen ari diren eskuin muturreko mugimendu nazionalisten eta populisten gorakada aztertu eta horri aurre egiteko modua bilatzeko. Horien ustez, populistak eta nazionalistak Europar Batasunak komunikatzeko dituen arazoak aprobetxatzen ari dira muturreko diskurtsoa zabaltzeko, eta alderdi tradizionalistek arazoei aurre egiteko hautatzen duten modua funtsezkoa izango da fenomeno horren garapenean.
(*) Imanol Butron Alonso, Zientzia Politikoetan graduatua Euskal Herriko Unibertsitatean, EiTB-EHU Multimedia Komunikazio Masterreko ikaslea da eta eitb.eus-en dabil praktikak egiten.