Mundua -
Errautsa 10.000 metrora
Dozenaka pertsona hil dira Guatemalako Fuego sumendiaren erupzioaren ostean
Azken urteetako erupziorik bortitzena izan da. 1,7 pertsona ingururi eragin die herrialdean. Jimmy Morales presidenteak hiru dolu-egun ezarri ditu.
agentziak | erredakzioa
Mirna Zeledon Auzitegiko Zientzia Institutu Nazionaleko bozeramaileak jakinarazi duenez, 62 pertsona hil dira Guatemalako Fuego sumendiaren erupzio handiaren ostean.
69 hildakoak "beroak eraginda ito" egin direla zehaztu du Zeledonek.
Sumendiak 3.763 metroko altuera du, eta Escuintla, Chimaltenango eta Sacatepequez departamentuen artean dago, hiriburutik 50 kilometrora mendebaldera, eta La Aurorako Nazioarteko Aireportua itxi behar izan dute erupzioaren ondorioz.
Hildakoez gain, Koordinakundearen bozeramaleak adierazi du 20 direla zaurituak, baina, guztira, 1,7 milioi baino gehiago dira kaltedunak, azken urteetako erupzio bortitzenagatik.
Sumendiak kanpora botatako errautsa 10.000 metrora heldu da eta, Sismologia, Bolkanologia, Meteorologia eta Hidrologia Institutuaren esanetan, erupzioa -2018ko bigarrena- azken urteetako bortitzena izan da.
Hainbat herrialdek babesa agertu diote Guatemalari, eta Nazio Batuen Erakundeak elkartasuna adierazi die biktimen senideei eta kaltedunei. Era berean, Gobernuari eta gizarteari "laguntzeko prest" dagoela helarazi die.
Gainera, ohar baten bidez NBEk esan duenez, "garrantzitsua da beste leku batzuetan kalteak eragitea saihesteko ahaleginak eta neurriak indartzea", baita "arreta humanitarioa" Estatu guatemalarraren esku jartzea ere.
Hiru dolu-egun herrialde osoan
Jimmy Morales Guatemalako presidenteak hiru dolu-egun ezarri ditu sumendiaren erupzioaren ostean.
Presidentetzak ohar baten bidez adierazi duenez, Moralesek hiru dolu-egun ezarritu ditu "erupzioak eragindako heriotzengatik".
Presidente guatemalarrak "dolua eta samina" agertu die erupzioak kaltetutako pertsonen familiei, eta herritarrei "elkartasunez" dolua partakatzeko eskatu die.
Bestalde, hondamen egoera ezarri du hiru departamentutan: Chimaltenango, Escuintla eta Sacatepequez.