Mundua -
Gatazka soziala
Gutxienez bost lagun hil dira Nikaraguan Poliziarekin izandako protestetan
Gobernuz kanpoko erakunde batek eman du hilketen berri. Apirilean hasi ziren Daniel Ortegaren Gobernuaren kontrako protestak, Gizarte Segurantza aldatzen saiatu zirenean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gutxienez bost lagun hil dira Nikaraguan larunbat honetan Poliziaren eta herritarren artean izandako liskarretan, Nikaraguako Giza Eskubideen aldeko Elkartea gobernuz kanpoko erakundeak salatu duenez. Nikaraguako Elizak adierazi duenez, biktimetako bat polizia-agente batek hil du.
Gobernuaren aurka dauden herritar talde batek barrikada eginda zuen Masaya udalerrian, eta liskarrak gertatu dira Daniel Ortega Nikaraguako presidentearen aldekoak, Polizia Nazionalaren laguntzarekin, talde hori sakabanatzen saiatu direnean.
47 egun daramatza Nikaraguak krisi soziopolitikoan murgilduta. 80ko hamarkadaz geroztik izandako krisirik odoltsuena da, dagoeneko 108 lagun hil eta mila inguru zauritu baitira, Giza Eskubideen Nikaraguako Zentroaren arabera.
Ortegaren Gobernuaren kontrako protestak apirilean hasi ziren, Gizarte Segurantza aldatzen saiatu zirenean, eta okerrera egin dute manifestazioetan biktima ugari izan ondoren.