Mundua -

VENEZUELA

Preso politiko gehiago askatuko dituztela iragarri dute Venezuelan

Antonio Barreto Siriak jakinarazi duenez, presoak Venezuelako kantzelaritzak Caracasen duen egoitza batera eramango dituzte. Oraindik ez dute zehaztu zein eta zenbat utziko dituzten aske.

Nicolás Maduro. Argazkia: EFE
Nicolás Maduro. Argazkia: EFE
Nicolás Maduro. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako Anzoategui estatuko gobernadoreak, Antonio Barreto Sira oposiziogileak, "preso politiko" gehiago askatuko dituztela iragarri du. Nicolas Maduroren Gobernuak adiskidetzerako aurreikusitako planari dagokion erabakia izan da.

Kartzelatik ateratzeko erabaki hori bermatzeko ardura du Barreto Siriak. Atzo askatutako 39 preso horiekin egin zuten moduan, Venezuelako kantzelaritzak Caracasen duen egoitza batera eramango dituzte orain askatuko dituztenak ere.

Oposizioko kideak adierazi duenaren arabera, ez daki zenbat preso utziko dituzten aske, ezta nortzuk ere.

Askatutako presoen erdia "preso politikoaen" zerrendan daudela ohartarazi dute giza eskubideen erakundeek. Horrez gain, beste 300 bat pertsonak kartzelan jarraitzen dutela kritikatu dute, Maduroren Gobernua baztertzeagatik.

Bestalde, preso politiko eta kontzientzia preso gehiago ez daitezela egon eskatu dio Madurori Barreto Sirak, "Venezuelan jazarpen politikoa amaitzea" aldarrikatzeaz gain.

Datorren astean preso gehiago askatuko dituztela ziurtatu du. Oposizioko beste hiru gobernadorek bermatuko dutela prozesua jakinarazi du.

39 preso politiko, aske

Venezuelako Auzitegi Gorenak 39 preso politiko kartzelatik ateratzeko agindua eman zuen ekainaren 1ean, gobernuz kanpoko hainbat erakundek eta oposizio ia osoak "preso politikoak" askatzeko aldarrikatu ondoren. Nicolas Maduro presidenteak espetxeratutako pertsona horien kasuak berrikusteko eskatu zuen.

Auzitegiak argitaratutako komunikatuak dioenez, "pertsona hauek 2014 eta 2018 urteen bitartean izandako gertaera ezberdinengatik izan ziren kartzelaratuak, eta horiei hurrengo neurriak ezarri zaizkie: askatasun osoa, kautelazko neurrien artean 30 egunean behin auzitegietan aurkeztu beharko dute eta ezingo dute herrialdetik irten, eta zigorrak betetzeko, neurri ezberdinak, besteak beste".

39 preso horien artean Daniel Ceballos San Cristobalgo alkate ohia dago. Hilean behin dagokion auzitegira joan beharko du, eta gainera, ezin izango du inolako adierazpenik egin komunikabideen eta sare sozialen bidez.

Aske utziko dituzten presoetatik 16, apirilaren 2an Henri Falconen ekitaldian izandako indarkeria ekintzekin lotuta atxilotu zitzuten.  Egun horretan, Teodoro Campos oposizioko kideak hainbat lesio jasan zituen. Horregatik, 16 preso horiek ere hilean behin Auzitegian aurkeztu beharko dute.

Gainerakoak, "2014 eta 2018 urteen bitartean manifestazioetan parte hartu eta indarkeria erabiltzeagatik" daude auzipetuta. Horiek bete behar dituzten neurriak ez ditu zehaztu Auzitegi Gorenak, baina "neurri ezberdinak" hartuko dituztela eman dute jakitera.

Tarek Saabek herrialdeko fiskal nagusiak esan duenez, laster preso gehiago utziko dituzte libre eta zerrenda "zabala eta adierazgarria" izango da.

Delcy Rodriguez Auzitegi Konstituziogileko buruak, bestalde, liberatuei eskatu die Maduroren mezua "bere egiteko". "Ezberdin pentsa dezakegu, badakit hala dela, ezberdin sinestu dezakegu, badakit hala dela, baina indarkeria ez den beste bideetatik uler dezakegu elkar", gehitu du Rodriguezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Nicolás Maduro