Mundua -
Manifestazioak
Protestetan 15 hildako eta 199 zauritu izan direla Nikaraguako Gobernuak baieztatu du
Bigarren aldia da Ortegako Gobernuak protestetan hildakoak izan direla baieztatzen duela, apirilaren 18an Nikaraguako lehen manifestazio handiak hasi zirenetik.
agentziak | erredakzioa
Sonia Castro Nikaraguako Osasun ministroak baieztatu zuen atzo, osteguna, 15 pertsona hil eta 199 zauritu dira asteazken eta ostegun goizalde artean, herrialdeko hainbat lekutan izan diren manifestazioetan.
Hainbat zentro publiko eta pribatutan "199 pertsona artatu dituzte, eta 15 hildako ere zenbatu dira", esan zuen Castrok, hedabideen aurrean egindako agerraldian, beste funtzionario batzuekin batera.
Bigarren aldia da Ortegako Gobernuak protestetan hildakoak izan direla baieztatzen duela, apirilaren 18an Nikaraguako lehen manifestazio handiak hasi zirenetik. Gizaldeko organizazioen arabera, 100 inguru lirateke hildakoak.
Lehen aldian Rosario Murillo herrialdeko presidenteordeak egin zuen, apirilak 20an, 10 hildakoren berri eman zuenean.
Francisco Diaz Polizia Nazionaleko zuzendariordeak atzo bertan prentsaurrekoan irakurritako txostenaren arabera, 15 hildako pertsonetatik, zazpi Managuakoak ziren, hiru Chinandegakoak, lau Estelikoak eta bat Masayan.
Ostegunean, Giza Eskubideen Zentro Nikaraguarrak zabaldutako behin behieneko txostenaren arabera, 11 ziren hildakoak eta 79 zaurituak asteazken eta osteguneko protestetan, eta Gobernuak "agindutako" errepresio eta indarkeria ekintzak gaitzetsi zituen irmoki.
Denis Moncada kantzilerrak esan zuenez, Gobernuak "apirilaren 18tik hona eta bereziki atzo Nikaraguan izan diren indarkeriazko ekintzak gogor gaitzesten ditu".