Mundua -

Belgika

ISISek bere gain hartu du Liejako erasoa

Benjamin Herman bakarrik aritu edo talde baten kide ote zen argitzeko lanetan ari da orain Fiskaltza.

Atentatua izan zen lekua. Argazkia: EFE
Atentatua izan zen lekua. Argazkia: EFE

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ISISek bere gain hartu du asteartean Lieja Belgikako hirian izan zen erasoa, Amaq talde jihadistari lotutako agentziak argitaratu duenez. Atentatu horretan lau pertsona hil ziren, horietako bat erasotzailea.

Agentziaren arabera, Benjamin Herman -ustezko erasotzailea- "Estatu Islamikoaren soldadua" zela, eta AEBk Sirian eta Iraken gidatzen duen koalizioaren kide diren herrialdeetan EIk eraso egiteko eskaerei jarraitu ziela, SITE Intelligence Group talde terroristen jarraipena egiten duen erakundeak jaso duenez.

Rita Katz SITE Taldeko zuzendariak Twitter sare sozialean adierazi duenaren arabera, "Estatu Islamikoaren agiria Amaqen bidez heltzeak, ohiko komunikatu gorri eta urdinen kasuan ez bezala, esan nahi du -momentuz- taldeak ez zuela erasoa koordinatu".

Belgikako Fiskaltza federalak baieztatu du Hermanek "Ala handiena da" hainbat aldiz oihukatu zuela tiroketan. Era berean, ekintza terrorista bat izan zela esateko "nahikoa arrazoi" daudela erantsi du, baina ez du baieztatu, horretarako ikerketaren emaitzak jaso arte itxaron nahi izan duelako.

Hala, ikerketaren "lehen elementuek erakutsi zutenez eraso terrorista bat izan zitekeela", Fiskaltza federalak bere gain hartu zuen ikerketa. Izan ere, bozeramalearen esanetan, Fiskaltzaren iritzian "hilketa terrorista" eta "hilketa terrorista saiakera" izan ziren astearteko erasoan.

Benjamin Herman bakarrik aritu edo talde baten kide ote zen argitzeko lanetan ari da orain Fiskaltza.

Horrez gain, Fiskaltzak uste du Liejako erasotzaileak beste gizon bat hil zuela astelehen gauean On hirian, hain zuzen, kartzelatik irten eta ordu batzuetara. Hilketa hori Luxemburgoko Fiskaltza ere ikertzen ari da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europa Belgika Atentatuak Estatu Islamikoa Jihadismoa Eguneko albisteak Albisteak