Mundua -
VENEZUELA
Venezuelan gizateriaren aurkako krimenak egon zirela salatu du aditu talde batek
Maduroren Gobernuak, berriz, uste du txosten hori 'onartezina' dela eta ez duela 'balio juridikorik'. Hauteskundeak egin berritan agiria kaleratzea, 'iruzur mediatikoa' dela esan du Venezuelak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Venezuelako Gobernuari gizateriaren kontrako krimenak leporatzeko "arrazoizko oinarriak" daudela ondorioztatu du aditu talde batek txosten batean. Luis Almagro Amerikako Estatuen Erakundeko idazkari nagusiak izendatu zuen aditu taldea, eta horren arabera, Nazioarteko Zigor Auzitegian Venezuelako Gobernuaren kontrako salaketa jartzeko oinarriak badaude.
Atzo aurkeztu zuten txostena Washingtonen, Amerikako Estatuen Erakundeko egoitza nagusian. Ondorio nagusi bat nabarmendu zuten adituek: "Venezuelako Gobernuak gizateriarekin kontrako krimenak egin zituen, helburu politiko jakin batekin, gizartea kontrolpean izateko".
Adituen ustez, Nicolas Maduro Venezuelako presidentea, Armadako arduradunak eta Gobernu venezuelarreko zenbait goi-kargudun dira herrialde horretako "errepresioaren eta gerraren egile intelektualak".
"Venezuelan urtetan sistematikoki egin diren errepresio eta zapalkuntza ekintza guztien arduradunak dira: atxiloketa masiboak, nahita eragindako desagertzeak, hilketak, torturak, bortxaketak eta indarkeriazko sexu ekintzak", esan du Santiago Canton Ameriketako Giza Eskubideen Batzordeko kideak.
'Iruzur mediatikoa'
Maduroren Gobernuak, berriz, uste du txosten hori "onartezina" dela eta ez duela "balio juridikorik". Hauteskundeak egin berritan agiria kaleratzea, "iruzur mediatikoa" dela esan du Venezuelak.
Ohar batean, Venezuelako Gobernuak gogor kritikatu du txostena, eta "nazioarteko printzipio guztiak" urratzen dituela esan du. Txostena egiteko prozedura osoa "legez kanpokoa" izan dela, eta Amerikako Estatuen Erakundearen araudia ere ez duela errespetatzen salatu du Maduroren Exekutiboak.